Ekainaren 2an batuko dira bi egunak. / Hondarribiko Udala

Euskarari atxikitzeko aukera emango du ekainaren 2an Hondarribian egingo den Mintza Egunak. Euskaltzaleen Topaguneak eta Blagan Euskara Elkarteak elkarlanean antolatutako ekitaldia Euskal Herri osoko mintzalagunen festa izango da. Gaur goizean aurkeztu dute egitarau oparoa Hondarribiko Arrantzaleen auzoan, eta argi da jana, edana, dantza eta musika ez direla faltako giroa bermatzeko.

Euskal Herriko mintzalagunen hamahirugarren jaiak, beraz, Blagan Egunarekin bat egingo du ekaineko aurreneko larunbatean. “Itxeki euskarari” izango da leloa, eta, hain zuzen, hura izango du idatzita arraunlariek Kai Zaharreraino kalejira giroan eramango duten pankartak. Abiyuan txarangak dantzatuko ditu kaleak. Bazkaria, dantzaldia eta kontzertuak izango dira jarraian. Aurrez, berriz, azoka edota ibilbide gidatuak herrian zehar, besteak beste.

Mintzapraktiken egitasmoa orain 25 urte sortu zen, eta, egun, sei mila dira astez aste euskara lantzeko batzen diren mintzalagunak. Bi profil bereizten dira halakoetan: batetik, bidelagun deritzenak, alegia, euskaraz bizi direnak eta euskararen normalizazioan eragin nahi dutenak, eta bidelariak, bestetik, euskara-maila hobetu nahi dutenak. Hondarribian 75 mintzalagun elkartzen dira, baina askoz gehiago dira 2013an mintzapraktikak hasi zirenetik euskarara bildu direnak. Aurrerapenak aurrerapen, pixkanaka euskara mintzataldeetatik kanpo ere erabiltzeko pausoa ematea dute hurrengo erronka.