Sarrerak 6 eurotan saltzen dira, 3 eurotan 18 urtetik beherakoentzat. / Hondarribiko Udala

Datorren igandean, Itsas Etxean, Hika Antzerki Taldearen eskutik “Txarriboda” euskarazko antzezlana izango dugu ikusgai. Sarrerak 6 eurotan saltzen dira, 3 eurotan 18 urtetik beherakoentzat. Otsailaren 3a arte Arma Plazan eros daitezke, egun berean Itsas Etxean bi ordu aurretik eta internet bidez erosteko aukera zabalik dago, https://tickets.kutxabank.es/ES/ orrian.

Urtarrilaren 20an Errenterian estreinatu ondoren, Hondarribira dator Hika Antzerki Taldearen ikuskizun berria ikusteko aukera: ezohiko ezkontzara gonbidatzen gaituen kabareta.

Egilea, itzultzailea eta zuzendaria Agurtzane Intxaurraga da, Kepa Errastiren eta Miren Gojenolaren laguntzarekin. Aktoreak aldiz, Sandra Fdez. Agirre, Patxi González, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Maruri dira.

Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Zorionaren irudi dira. Ezkondu egin dira gaur eta Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi-mandiak, antolatu du ospakizun gala. Baina Mireia eta Imanolen egun handia ez da nahi bezain perfektua izango. Ezkontza baten festa eta zorionaren lekuan, trapu zikinak, faltsukeria, minak eta ezinak agerian jarriko dira.