Talaia, San José eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako 3.307 ikasle eta irakaslek parte hartzen dute ekimenean. / Hondarribiko Udala

Udaleko Hezkuntza departamentuak antolatuta, ikasturte honetan ere Hondarribiko haur eta lehen hezkuntzako ikasleek Itsas Etxean euskarazko zinea eta kontzertu pedagogikoetaz gozatzeko aukera dute. Talaia, San José eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako 3.307 ikasle eta irakaslek parte hartzen dute ekimenean.

2016-2017 ikasturteko “Euskara zine aretoetara, Tinko” programak bost euskarazko zine-emanaldi eskainiko ditu. Hondarribiko ikastetxeetako lehen eta haur hezkuntzako ikasleentzat euskarazko zinea eskaintzea da helburua, udalak ikasleentzat antolatzen diren jarduera pedagogikoen barne.

Lehen biak otsailean egin dira, eta hirugarrena ostegun honetan izango da, “Bram Barrabas” filmearekin, kasu honetan Ama Guadalupekoa eta San José ikastetxeetako lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailako gazteentzat. Azken bi emanaldiak apirilaren 27an eta maiatzaren 18an izango dira.