Familientzako pista jolasa egingo da Hendaian. / Hendaiako Udala

Datorren martxoaren 12an, 10:30etik 12:30era bitartean, Ikastolako Guraso Elkarteak “Lehen Pista Euskaraz” familientzako pista jokoan parte hartzera gonbidatzen ditu hendaiarrak. Urtxintxa elkarteak animaturik, Hendaiako arte martzial gelan (Beltzenian) burutuko da aktibitatea. Bi parte izango dituen jokoa martxoaren 18ko arratsaldean segituko du, Daniel Ugarte pilotalekuan, Hendaiako elkarteek antolatutako Euskararen Egunaren harira.

Jolas horretan, familiek, talde ezberdinetan elkarturik, misterio bat argitu beharko dute. Horretarako pista ezberdinak lortu beharko dituzte eta pistak lortzeko, froga ezberdinak gainditu. Froga hauek, abilezia frogak, kantuak, jolasak, erronkak eta asmakizunak izan daitezke. Taldeen artean, misterioa nork argitu, lehia sortuko da, baina, amaieran, elkarlana beharrezkoa izango da helburua lortzeko, lankidetza jolasa bilakatuz.

Parte hartzeko martxoaren 9a baino lehenago izena eman behar da (00 34) 656 197 173 telefonora deituz edota arbelaitz.aranburu@gmail.com helbidera idatziz. Familiaka eman behar da izena haur eta helduek hartuko dutelako parte.