Cristina Juaniz, Santi Jimenez eta Garikoitz C. Murua. / Irungo Udala

Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak bisitatu du GazteARTEan Expo programaren barruan ikasturte honetarako Martindozenea gaztelekuan aurreikusitako bost erakusketetako azkena. Ordezkariarekin batera, bertan izan dira Garikoitz C. Murua, Irungo Udaleko Gazteria Arloak 2015etik antolatzen duen ekimen honen antolatzailea; eta Cristina Juaniz “Micrisantemo” marrazkilari irundarra, martxoaren 8ari eta Emakumeen Nazioarteko Egunari eskainitako “Pelea como una nena” izeneko erakusketa hau osatzen duten lanen egilea.

“Gazteria Arloan uste dugu gazteei begira oso interesgarriak direla horrelako kultura eta aisialdiko jarduerak, ospakizunekin lotutakoak, hala nola Emakumeen Egunarekin”, zioen Santi Jiménezek. Denboraldi honetako gainerako erakusketen kasuan bezala, COVID-19aren ondorioz, erakusketa gaztelekuko erabiltzaileek baino ezin dezakete bisitatu. Gainerako herritarrek online ikus dezakete, Udalaren webgunean ikusgai jarritako 360º-ko bisitaren bidez.

Erakusketaren deskribapena

Ez da gauza berria marrazkilari batek bere lana erabiltzea bere ideien adierazpide modura, baina sarritan marrazkigintza irudien bidez testu jakin batek dioena kontatzera mugatzen da. Cristinaren kasuan, ordea, irudietako bakoitzak ideia inkonformista batean du jatorria. Irudien bidez adierazi nahi du pentsatzen duena, puntu apurtzaile eta ausart batekin.

Erakusketa honetan aurkeztutako irudiak oso denbora gutxian marraztutako serie bat dira, bilduma bat. Irudiek modu esplizituan erantzuten diote zenbait gairi: gizarteak markatutako estereotipoak, emakumeek gorputzak nolakoak izan behar diren diotenak; kapitalismoak gure beharrak manipulatzeko duen modua, justiziaren desitxuraketa, gaizki bideratutako sare sozialen zentzugabekeriak… Ideal feminista, inkonformista eta erreibindikatzaile batean dute sorburua haren marrazkiek.

Cristinaren marrazkiek, akaso, 80 eta 90eko hamarkadetako komiki batzuk ekarriko dizkigute gogora, underground edo línea chunga izeneko mugimendukoak. El Víbora aldizkarian argitaratzen ziren, besteak beste, eta aurkako iritzi asko izan zituen, sexua, zapalkuntza, gizarte menderatua, politika eta beste gai batzuk lantzeko modu gordin eta esplizituagatik. Erakusketa bisitatzeko aukera izango dute gaztelekuko erabiltzaileek apirilaren 3ra arte, eta bertan aurkituko dituzte 10 marrazki, irudiekin kustomizatutako bi jaka eta eskuen bi eskultura, Cristinak margotutakoak.

MiCrisantemo (Cristina Juanizen izen artistikoa) Irunen jaio zen orain dela 28 urte. “Hainbat bide eta inguruabar tarteko, ohartu naiz marrazkigintza dela egun ditudan helburuetako bat, nire garapen pertsonaleko erreferente bezala. Beti gustatu izan zait marraztea, eta neure ideiak modu irekian adierazteko aurkitu dudan bitartekoa izan da. Askatasun osoa ematen dit”, dio artista gazteak.

Bere lanari dagokionez, Cristina Juanizen hitzetan, “nire marrazkiak sendoak dira, nire ideietatik jaio eta munduari adierazi nahi diodan mezu batekin. Irudien gordintasunak bizitza bera irudikatzen du: inposatzen zaizkigun bidegabekeriak, pairatzen ditugun zapalkuntzak, jasanarazten diguten zama. Nik marrazkiaren bidez egiten diot aurre horri. Nigatik eta emakume guztiengatik”.

Serigrafia-laborategia

Bestalde, Gazteria Arloak jakinarazi duenez, GazteARTEan KREA programaren barruan serigrafia-laborategi bat ere jarri dute martxan. Martindozenea gaztelekuan egingo da jarduera hori. Bertan, serigrafiaren teknika azalduko zaie parte-hartzaileei eta kamisetak, poltsak eta abar estanpatuko dituzte. Gainera, materialen erabilera arduratsua sustatuko dute, ingurumenerako onuragarriak diren praktiken bidez ekoitzitako material ekologikoak erabiliko baitituzte, planetarekiko errespetua bultzatuz.

Lehen tailerra martxoaren 18an izango da, 17:00etatik 19:00etara, eta plazak mugatuak izango dira. Izena emateko eta informazio gehiago lortzeko jo udalaren webgunera edo Martindozenea gaztelekuko harremanetarako ohiko kanaletara.