David Izaga eta Monica Martinez. / Irungo Udala

Azken urteotan bezala Irungo Udaleko Euskara Arloak hainbat ekimen antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldia ospatzeko. Irungo Udaleko Euskara Ordezkaria den Monica Martinezek aurkeztu du programa eta haren hitzetan “Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko proposamena luzatu nahi du Udalak. Euskara, Irungo plazetan nahi dugu, indartsu eta sendo, euskara, hizkuntza erabilia eta bizia izatea. Eta honek guztion gogoa eta ahalegina eskatzen du: norbanakoei eta kolektiboei. Horregatik, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, Irungo norbanakoek eta entitateek euskaraz aritzeko ahalegina egingo dute”.

Ahalegin hori laguntzeko antolatutako ekimenek azaroaren 25ean izango dute hasiera, Amaia KZn taularatuko den “Txor Txor” umorezko bakarrizketarekin eta abenduaren 5ean bukatuko da “Laburbirarekin, euskarazko film laburren XVII. Zirkuituarekin. Bakarrizketan, Nerea Arriola arituko da eta “euskaldunok eguneroko egoeretan euskararekiko ditugun harremanei buruzko gogoeta” egingo du. Laburbiran, berriz, laburmetraiak ikusi eta gero aukera izango dugu “Kateak” laburmetraiaren Yolanda Mazkiaren zuzendariarekin solasaldia egiteko.

Baina bi egun horien artean irundarrek hainbat emanaldiez disfrutatzeko aukera izango dute. Azaroaren 27an, “Ene Kantak” talde nafarrak familientzako “Liluragarria, gorputz barrura goaz” ikuskizuna estreinatuko du Amaia KZn, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Abesti eta koreografien bidez, Nere eta Eneko pertsonaiek leku liluragarri bat ezagutuko dute.

Azaroaren 28an arratsaldeko 17:00etan, aldiz, Glu Glu taldearen “Mari errauskin” familientzako antzerkia programatu da. Antzerki taldeak antzerkirako ipuin klasikoen moldaketetan aurrerapausoak eman ditu. Oraingo honetan klasikoetan klasikoa den Mari Errauskin ekarriko dugu oholtzara eta printzesen ipuinari buelta emango dio: gelako liderra eta eskolako printzesa sentitzen den ume bat izango da protagonistetako bat.

Betiko euskal musikazaleek, aldiz, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Bentazaharreko mutiko alaien eskutik “Kantujira” doinuekin primeran pasatzeko aukera izango dute Musika Eskolako auditorioan.

Hilabetea aho zapore onarekin bukatzeko, azaroaren 29an, arratsaldeko 19:00etan eta Amaia KZn, Axut!, Artedrama eta Dejabuk ekoiztutako “Zaldi urdina” ikuskizuna antzeztuko da. Antzezlanak kontatzen digu nola Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin den, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, “trapitxeroa” bera delakoan. Antzezlan gogor bezain inpaktantea.

Abenduaren 1ean umorearen txanda izango da, izan ere, “Zoaz pake santuan” helduentzako antzerkiarekin ondo pasatzeko aukera izango baita. Bi dira pertsonaiak, senar-emazteak, eta daraman bikote bizimodu aspergarriarekin amaitzeko, Andreak (emazteak), zirt edo zart, gizona pozoitzea erabaki du. Barre algarak ziurtatu daude!

Abenduaren 3an, Euskara Nazioarteko Eguna, bertso saio berezia izango dugu Amaia KZko Areto Nagusian, “… nahi dugu hitz eta jolas”. Oihana Bartra, Julio Soto eta Maite Berriozabal bertsolariek “euskarak gure bizitza nola zeharkatzen duen” landuko dute.

Euskara Zinegotziak azaldu duenez ia ekimen guztiak doakoak izango dira, bat izan ezik, “Mari errauskin” horretarako sarreraren prezioa 4,40 eurokoa izango da.

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, “Mari Errauskin” izan ezik. Beste ekitaldi batzuetarako gonbidapenak Turismo bulegoan jaso ahal izango dira azaroaren 17tik aurrera, edo Amaia KZren leihatilan, ekitaldi bakoitzaren egunean bertan. Jarduera guztietan segurtasun- eta higiene-neurriak mantenduko dira (maskara, gel hidroalkoholikoa, distantziak, kopuru mugatua, etab.). Azaroaren 28ko Kantujira eta abenduaren 5eko Laburbirarako sarrerak lortzeko mezu bat idatzi behar da euskara@irun.org posta kontura Izen-abizenak eta “Kantujira” edo “Laburbira” zehaztuz. Udaletik gonbidapena helaraziko zaie interesatuei bueltan aforoa bete arte.

Euskaraldia

Monica Martinezek gaineratu duenez, “Programazio honek zentzu handiagoa izango du egun hauetan guztietan euskaraz gehiago, jende gehiagorekin eta gehiagotan hitz egiten badugu; eta hau guztia urteko gainerako egunetara zabaltzen badugu”. Hori dela eta, Euskaraldian izena emateko deia egin die ordezkariak herritarrei (esteka honen bidez: https://izenematea.euskaraldia.eus).

Irunen 85 entitatek izena eman dute Euskaraldian eta ia 400 Arigune sortuko dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Bestalde, norbanakoen izenematea bideratzeko komunikazio kanpaina bideratu dute kartelak, MUPIAk, irrati kuen bidez, Udalarekin elkarlanean eta dagoeneko 1.652 lagunek izena eman dute ariketan parte hartzeko. 1302 Ahobizi eta 350 Belarriprest.

Txapak ere banatzen aritu dira azaroaren bigarren hamabostaldian. Jaso ez duenak aukera du Udal Euskaltegian txapa jasotzeko azaroaren 17 edo 19an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Hala ere 2018ko txapa berrerabiltzeko deia luzatu dute, egungo egoeran ilarak saihesteko eta ingurumena zaintzeko.

Talde eragilearen ekimenez larunbat honetan formazioa eman zaie modu presentzialean eta telematikoki Ahobizi eta Belarriprest guztiei.