Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuen zinegotzia. / Hondarribiko Udala

Gizarte Zerbitzuen Departamentuak 2.373.799 euroko aurrekontua du 2020 urterako. Hala eman du aditzera Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuen zinegotziak prentsaurrekoan.

Zinegotziak argi utzi du “Udalarentzat Gizarte Zerbitzuak lehentasuna direla, eta jarri diren partidak orain arteko datuak haintzat hartuta jarri direla, eta urtean zehar gehiago behar izanez gero, behar den kopurua jarriko dela”.

2020rako aurrekontu osotik, partidarik handiena lehen mailako gizarte-arretak eramaten du, 958.944 euroko aurrekontuarekin. “Hau aurrekontu oso zabala da eta bertan baditugu hainbat proiektu adibidez bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat esku-hartze programa bideratzeko 48.500 aurrekusi ditugu”, adierazi du Larrartek.

Halaber, 540.256 euro etxez etxeko laguntzarako dira, “hau kreditu aldaketan handituko dugu kopurua beharra ikusten dugulako”.

Kalez kale programa ere izango dugu eta horretarako 15.600 aurrekontua daukagu. Kasino Zaharra Erretiratuen Etxerako 183.834 euro bideratuko dira.

Bestalde, Berdintasun Plana onartzeko eta plan horretan bildutako ekintzak abian jartzeko, 75.000 euro bideratuko dira.

Larrartek adierazi du “esku-orri berri bat prestatu nahi dugu herritar guztiok jakin dezaten zein laguntza eskatu dezaten eta nora jo behar duten eskatzeko”. Bestalde, Gizarte zerbitzuari zorrari buruzko dekretua egokitzeko Plan Estrategiko bat burutu behar dugu.