Guztira 103.500 euro bideratuko ditu Hondarribiko Udalak Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat. / Hondarribiko Udala

Ezagutzen dira jadanik Hondarribiko Udalak Gobernuz Kanpoko Erakundeei zuzendutako dirulaguntzak. Denetara 18 izango dira laguntza jasoko duten elkarteak, Afrika, Ertamerika eta Asian beraien proiektuen garapenarekin jarrai dezaten.

Aurten laguntza honako herrialdeetara helduko da: Bolivia, El Salvador, Mexiko, Nikaragua, Guatemala, Etiopia, Rwanda, Burkina Faso, Benin, Togo, Irak eta India.

Arantxa Berrotaran, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak esan duenez, “Hondarribiko Udaletik garrantzi berezia eman nahi diegu Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lanari. Orain ezagunak diren kopuru hauek aurretik batzordetik pasa dira eta denok ezinbestekotzat jotzen ditugu laguntza hauek ematea. Lan bikaina egiten dute, azken bizpahiru urte hauetan Butroi Pasealekuan egindako jardunaldietan ikus ahal izan genuen moduan”.

“Oso argi daukagu udaletik gure herrian beharra duenari laguntzeko gaudela, eta hala jarraituko dugu Gizarte Zerbitzuetatik lanean. Ateak irekiak dituzte herritarrek. Halere, ez da komeni gainontzeko herrialdeetan bizi den egoerari bizkarra ematea”.