Aurten hamar urte beteko ditu probak. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko kaleetan urte zahar egunean “X. Sport Mundi San Silbestre solidarioa” ospatuko da. Aurkezpena Udaletxeko Areto Nagusian egin berri da. Dagoeneko ia 1400 pertsona badira izena emanda daukatenak, azken egunetan egon ohi den izenamate handiaren esperoan.

Txomin Sagarzazuk eskerrak eman dizkie “Sport Mundi Elkarteko kideei, Hondarribiko Urtezaharrean oso ondo errotuta dagoen lasterketa hau antolatzeagatik. Kirola eta solidaritatea uztartuz, urtea amaitzeko aukera paregabea da. Zorionak eta eskerrikasko beraz. Zer esanik ez gizarte mailan hainbeste laguntzen duzuen beste elkarteei ere”.

Sport Mundiko Juanan Garciak esan duenez, “orain arteko bederatzi urte hauetan 140.000 euro bideratu ditugu elkarte eta behar desberdinetarako, kontutan hartzeko modukoa da eta horretan jarraituko dugu. Orain artean ia 1400 pertsonek izena emana dute baina 2000 partehartzailetara heldu nahi dugu, horietako %38 emakumezkoak. Zentzu horretan gehiago zentratu nahi dugu. Izenematea 17 eurotan irekita dago www.kirolprobak.com gunean”.

ATZEGI Elkarteko bolondresak lasterketaren egunean laguntzen egongo dira. “Gure txanda da” kanpainaren barnean, ATZEGIko kideek, beste edozeinek bezala parte hartu eta laguntzeko gai direla erakutsi nahi dugu, gure kolektiboa oso baliagarria dela erakusteko” esan du Aloña Agirre ordezkariak. Naiara Oronoz hondarribiarra pozik azaldu da “guk lagundu egin nahi dugulako. Helmugan egongo gara edozertan laguntzeko prest!”.

Aurtengo irabaziak, DOA Elkartearentzat izango dira, osasun sektorean Bolivia eta Guatemalan lan egiten duen elkartea hain zuzen ere.