Kriseiluak etxeetara iristen hasi dira. / Hondarribiko Udala

116 familia izan dira egitasmo honen lehen deialdiari erantzun diotenak. Ama
Guadalupekoa, Egiluze-San Jose eta Talaia ikastetxeko 4-8 urte arteko haurrak dauzkaten familiak dira guztiak, eta euskararen transmisioan zein erabileran beren aletxoa jarri nahi izan dute Euskararen Kriseiluan parte hartuz.

Izan ere, hizkuntza den su txiki hori piztuta mantendu eta guztion artean zaintzeko beharra irudikatzen du kriseiluak. Hondarribiko Udalak Euskaltzaleen Topagunearen eskutik ekarri du proiektua herrira.

Ikastetxeen bidez, astez aste, txandaka jasotzen ari dira kriseilua etxean, egun horietan euskararen erabilera eta honen inguruko gogoeta sustatzeko. Txandak amaitutakoan, parte-hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko ekitaldia burutuko da. Itsas etxean izango da jaia, ekainaren 14 ostegunean eta egitasmoaren parte izan diren familia guztiak egongo dira bertara gonbidatuta.

Familiaren batek oraindik parte hartzeko interesa badu, hondarribia.kriseilua.eus webgunean izena emateko aukera zabalik egongo da maiatza amaiera arte.