Miren Apraiz. / Martin Tellechea

Lehenengo aldiz zetorren Miren Apraiz arrasatearra Irunera Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako II. Vertiz Ford-Irungo Erdi Maratoia + 10K-Urbycolan proban lasterketa egitera. 10 kilometroetako proba aukeratu eta irabazi egin zuen.

– Arrasatetik Irunera eta irabazi… ezin da gehiago eskatu…

Garaipenarekin oso pozik nago. 2019an dortsal bat jarri gabe nengoen eta nire burua nola zegoen neurtzea nahi nuen. Irunera sentsazio onen bila joan nintzen eta ahal izan nuen neurrian, lortu nituen. Gainera herriak emandako animoak… benetan primerako giroa Irunekoa. Partaidetza altua eta oso polita da horrelako giroak sortzea.

– Nola joan zen lasterketa?

Hasieran indarrarekin ikusi nintzen eta azkar irtetzea erabaki nuen. Distantzia atera eta gero mantentzea zen helburua. Niretzako pasa den igandeko eguraldia ez da korrika egiteko aproposena, eta azken kilometroak gogortsuak egin zitzaizkidan. Zorionak Olatz eta Hokiri, karrera ona egin zuten eta baita irabazale eta parte-hartzaile guztiei.

– Helmugan beroa eta haizea nabaritu zenituela esan zenuen…

Bai, komentatu dudan moduan egun berotsua eta haizetsua izan zen. Nik hotzarekin askoz gustorago aurkitzen naiz. Hasieratik banekien ez zela marka egiteko eguna izango.

– Zer iruditu zitzaizun Bidasoa Atletiko Taldeak lasterketan egindako aldaketak?

Nik ez nuen zirkuitua ezagutzen eta tramoren bat eta beste aldapatsuak, ez nituenak espero, zeuden. Hurrengo urtetarako kontutan izango ditut. Aurreko egunetan erdi maratoian zirkuitu aldaketaren batzuk egin zituztela irakurri nuen.

– Eta antolaketa?

Bidasoa Atletiko Taldeari zorionak eman. Bai lasterketa aurreko, bitarteko eta amaierako organizazioa, oso ona. Antolakuntzari buruz bakarrik gauza onak esan ahal ditut.

– 2019rako erronkak?

Epe motzera erdi maratoia ari naiz prestatzen. Gogotsu eta indartsu disfrutatzen jarraitzeko.