Leire Zubitur, Jose Antonio Santano eta Txomin Sagarzazu. / Txingudiko Zerbitzuak

Duela 10 urte martxan jarri zenetik, Merka2dasoa ezinbesteko hitzordu bilakatu da Bidasoa eskualdeko biztanleentzat. Bigarren eskuko merkatuak eta aukera onak maite dituztenek, Merka2dasoan parte hartzeko aukera ezinhobea izango dute urriaren 6an, Irungo Zabaltza enparantzan.

Hasieratik, bigarren eskuko merkatu hauen xedea egoera onean egon arren, armairuan edo trastelekuan ahaztuta geratzen diren objektuei bigarren bizia ematea da. Urtaro aldaketa une egokia da udarako arropa gorde, berokiak atera, armairuak txukundu eta erabili gabe armairuan ahaztuta geratu diren gauza horiek merkatura eramateko, eta bide batez, horiek hondakin bihurtzea sahiesten dugu. Leire Zubiturrek, Txingudiko Zerbitzuakeko gerenteak, adierazi duenez, “urtero parte hartzea oso handia izaten da bai partikular, elkarte zein GKEen aldetik”. Zubiturrek azpimarratu du honelako ekimenek berebiziko garrantzia dutela hondakinen prebentzioaren inguruan sentsibilizatzeko.

Aurreko edizioetan bezala, datorren igandean merkatuak goizeko 10:00etatik 14:00etara irekiko ditu ateak eta postua izan gabe, objektuak saldu nahi dituztenek, gordailu zerbitzua erabitzeko aukera izango dute. Erabilitako objektuak gordailuan goizeko 9:00-10:00 bitartean utzi beharko dira eta 14:00ean bueltatu beharko dute salmentaren diru edo objektuen bila. Horrez gain, ingurumen hezitzaileek kudeatutako informazio gune bat ere izango da.