Topaketa larunbatean izango da Hendaian. / Euskalherria's SketchCrawl

Berrogei marrazkilari bilduko dira Hendaiak hartuko duen 62th SketchCrawl-aren deialdian, Euskalherria’s SketchCrawl taldearen eskutik. Sketchcrawla nazioarteko deialdia da, Californiatik egiten dena, baina Euskal Herrikoak badu berezitasun bat, araua apurtzen duena. Orokorrean hiriak zein herriak dira halako taldeak sortzen dituztenak. Gurean Euskal Herria da deialdiaren eremua eta biltokia txandaka hautatzen da herrialde guztiak bisitatzeko. Gehienetan deialdiaren arduradun bakoitzak berean egiten duen arren ez dago arazorik gurutzatzeko: kasu honetan Artzentalesko (Bizkaia) Gorka Belaskoren eskutik dator deialdi hau, ohiko ezaugarriak mantenduz: irekia, parte-hartzailea, horizontala, lehiarik gabekoa, musutruk. Barakaldoko Beurko institutuko irakaslea den marrazkilaria sare sozialen bitartez hedatzen ditu bere kronika grafikoak.

“Egunean zehar koadernoan metatzen den ekoizpen grafikoa sare sozialen bitartez hedatzen dugu, hartu gaituen herriaren izena eta izana lau haizetara zabalduz”, diote arduradunek. Topaketa hauetan jakituria asko partekatzea da, pertsona bera izan daiteke une batean Irakasle eta hurrengoan gabeziak estaltzeko aholkuak jasotzen dituena. Jatorriaren aniztasuna ez da bakarrik geografikoa… marrazketaren adiera ezberdinetatik ere… urteak daramatzana eta ia hasi berria dena. Elkartrukaketa hori oso aberasgarria da. Leku bakoitzaren ezaugarriei egokitzen den ibilbide bat proposatzen da eta gero norberak erabakitzen du zertan finkatu begirada.

Hendaiarako prestatu duten egitaraua hondartzan hasiko da goizeko hamarretan Casinoaren aurrean, ohiko talde argazkia egiteko, gure geografiaren puntu ezberdinetatik hurbiltzen diren marrazkilariak elkar agurtu, aurkeztu eta ezagutzeko. Hortik bakoitzak aukera dezake norantz bideratu bere lana, paisaiak, pertsonak, arkitektura denetatik topa daiteke Bidasoaren bazter honetan. Ordubata eta erdietan pilota lekuaren inguruan elkartuko gara, denak elkarrekin bazkaltzeko. Arratsaldeko hiruretan Bixintxo jaien Danborrada izango da abiapuntua, Pellot en inguruan antolatzen dena modu grafikoan islatzeko. Seiak aldera bukatutzat emango dugu jardunaldia.

Partaideak

Euskal Herriko txoko ezberdinetatik dago ziurtatuta parte-hartzea. Dagoeneko Hendaia, Arrasate, Artzentales, Bergara, Elorrio, Gasteiz, Iruñea… Debagoieneko eskualdeko taldea beti bezain indartsu, baita beste taldetan diarduten marrazkilariak. Aurrekariak. Euskalherria’s SketchCrawl taldea aitzindaria da koadernoaren gainekoa marrazketan. Aldez aurretik hainbat lekutan egin ditu deialdiak: Bilbo, Iruñea, Baiona, Donostia, Gasteiz, Donibane Lohizune, Donibane Garazi, Aramaio, Arrasate, Balmaseda, Bergara, Aramaio, Barakaldo, Eibar, Eugi, Ea, Karrantza, Lekeitio…

Modu lasaian egiten bada ere, topaketa honetan “Urban Sketchers Dekalogoa” jarraitzen da, hau da:

1. Tokian marrazten dugu, barnean ala kanpoan, ikusten duguna zuzenean islatuz
2. Gure marrazkiek gure inguruko istorioa kontatzen dute, bizi garen eta bidaiatzen dugun tokietakoa
3. Marraztean, toki eta une jakin bat islatzen dugu
4. Ikusten ditugun eszenekin leialak gara
5. Estilo ezberdintasuna ospatzen dugu, eta edozein tresna eta euskarri erabiltzen dugu
6. Elkarri laguntzen diogu eta taldean marrazten
7. Gure marrazkiak sarean elkarbanatzen ditugu
8. Mundua marrazkiz marrazki erakusten dugu