Udalak 377.000 euroko inbertsioak aurreikusi ditu bost ikastetxetan. / Irungo Udala

Rebeca Gonzalez Hezkuntza ordezkariak eta Jon Ugarte Bide Publikoko ordezkariak asteazkeean jakinarazi dutenez, Irungo Udalak udako oporraldia aprobetxatuz egiten ditu lanak, udaro gertatzen den bezala.

“Ohikoa da hilabete hauetan hobekuntza lanak aurrera eramatea”, adierazi du Hezkuntza ordezkariak. “Hiriko ikastetxeekiko etengabeko harremanaren eta lankidetzaren barruan, inbertsioen edo mantentze-lanen arloan helaraz diezazkiguketen beharrei erantzuten diegu”.

Aurten, guztira, 377.678,98 euro inbertituko dira, Haur eta Lehen Hezkuntzako bost eskola-eraikinetan banatuta. Eraikin horiek mantentzea Udalaren eskumena da: Elatzeta, Dumboa, Lekaenea, Belaskoenea eta Udal Haur Eskola. Ikastetxeekin adostu eta Hezkuntza arloaren bidez koordinatutako obrak dira, eta udan egiten dira, eskola-bizitzaren garapen normala ez oztopatzeko.

Bide Publikoko eta Mantentze-lanetako ordezkariak gogorarazi duenez, “Erabileragatik eta denbora igaro ahala egin beharreko erreformak dira, oro har. Batez ere pintaketei eta sarbideen edo lurzoruen hobekuntzei eragiten dieten hainbat inbertsioz ari gara gehienbat; alderdi horiek txikiagoak dirudite, baina oso garrantzitsuak dira ikastetxe baten egunerokotasunean”.

Zehazki, zenbateko handiena duen jarduketa Elatzetako galdara aldatzea eta berokuntza eta etxeko ur beroaren instalazioa egokitzea da (167.330,46 euro); bestalde, Dunboako haur-hezkuntzako zentroak jolastokiko instalazioak hobetuko ditu, lurzorua 93.980,24 euroko aurrekontuarekin konponduko baita.

Lekaenean, goiko eta atzeko estalkietan bizi-lineak jarriko dira (8.252,20 euro) eta ikastetxerako sarrerak hobeto egokituko dira (24.079 euro). Belaskoenean ere obrak daude, lehen hezkuntzako eraikineko aldagelak berrituko baitira (41.503 euro), eta, azkenik, udal haur-eskolan berokuntzaren gaineko jarduketa bat egingo da instalazioa egokitzeko (12.534,08) eta erradiadoreak estaltzeko (15.000 euro).

Mantentze-lanak

Ugartek gaineratu duenez, “Ikastetxeetan hobekuntzak udan ez ezik, urtean zehar ere egiten dira unean-uneko mantentze-lanak, behar diren lekuetan. Munta txikiko lanak dira, baina garrantzitsuak eraikin publikoak egoera ezin hobean mantentzeko “. Zehazki, aurten, uda barne, Belaskoenea, Toki Alai, Elatzeta, Txingudi Ikastola, Dunboa, Eguzkitza eta Mendibileko Haur Eskolan joko da. Oro har, teilatuak, estalkiak edo sareak konpontzen dira, eta ikasgelak pintatzen dira, besteak beste. Lan horien aurrekontua 82.033 eurokoa da.