Hondarribiko Emakumeak komunikatu bat argitaratu du

Hondarribiko emakumeek, irailaren 8an, beste bein, Jaizkibelen partetik erasoak irainak eta mehatxuak pairatu zituztela salatzen du

0
1263

Hondarribiko Emakumeak komunikatu bat plazaratu du non Hondarribiko emakumeek, irailaren 8an, beste bein, Jaizkibelen partetik erasoak irainak eta mehatxuak pairatu zituztela salatzen du. Hona hemen komunikatuak dioena:

Jaizkibelen portaera salatzen da komunikatuan. / Hondarribiko Emakumeak

“Aurreko irailaren zortzian gertatutakoa balioztatzeko egun batzuk pasatzen uztea ezinbestekoa izan zaigu. Denbora behar izan dugu sentitzen dugun mina eta ezintasuna bideratzeko eta hala gertaeren kontaketa zehatza objektiboki egiten saiatzeko. Lehenik eta behin, Alarde Fundazioa zoriondu nahi genuke beste behin Guadalupeko Ama Birjinaren Botoa bete dadin egin duen lan apartagatik. Irmo eta seriotasunez, alai eta errespetuz. Hondarribitarrak harro egon behar dugu 380 urtez gure botoa bete dugulako. Baina aurten, zoritxarrez Kale Nagusian, bai goiz partean bai eta arratsaldean ere, Alardea pasa baino lehen, Jaizkibel elkarteak deitutako eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baimendutako manifestaldia igaro denean jasandako gertaera larriak deitoratu behar ditugu. Baina ez da aurrenengo aldia, 20 urte baino gehiago daramatzagu Jaizkibel pasatzen denean erasoak, irainak eta mehatxuak pairatzen. Aurten, aurreikusi eta ohartarazia zegoen bezala, ikusle diren emakumeenganako indarkeria areagotu egin da.

Aurreko urteetako gertakariak aintzakotzat hartuaz, hiritar xume gisa, poliziaren babesa eskatu genuen gure segurtasuna bermatzeko, baina gure eskaria ez zen kontutan izan. Era guztietako jokabide oldarkorrak onartu zitzaizkien bai manifestazioari bai eta bere publikoari ere, gu erabat babesgabe sentitu ginelarik. Espaloian, Alardearen zain zeudenak, emakumeak eta adin txikikoak gehienak, jasandako eraso eta mehatxuak Adierazpen Eskubidea suntsitzea helburu duen jarrera diktatorial eta totalitario baten ondorio dira, bai eta Erakundeen erabaki arduragabeena ere. Jasandako eraso eta mehatxuengatik salaketak jarrita daude, eta gehienak adin txikiko neskenak izateak, argi adierazten du erasotzaileen zitalkeria. Protestatzen duten pertsonak erruduntzat jotzen dira eta erasotzaileak babestu. Indarkeria zenbait testuingurutan justifikatzen da edo nork erabiltzen duen da arazoa? Zergatik era desberdinetan tratatzen dira protesta egiteko modu desberdinak? Buru-berokiaz, makilaz eta argi-zuziz manifestatzea zuzenagoa eta adeitsuagoa da kartelaz, plastikoz eta txilibituz egitea baino?

Orain denak isilik daude, Emakunde, Arartekoa eta Foru Aldundiak gertaera hauek isilean mantentzen dituzte gaitzestea saihesteko. Aurretiaz giroa berotzen ibili diren ordezkarien jarrera onartezina da; hasieran askatasuna, aniztasuna eta errespetua aipatu eta hurrengo esaldian aurrekoa ukatu eta Mordaza Legea ezartzeaz hitz egiten duten diskurtso inkoherenteak botatzen dituzte. Nahiz eta ahaleginak egiten dituzten haien jarrera eta politikak mozorrotu eta justifikatzeko, ezartzen duten errepresioa argi eta garbi ikus daiteke. Ezin dute haien erantzukizuna saihestu.

Oraingoan ere, Jaizkibel Elkarteak ez du inongo dudarik izan zinikoki eta itxurakeriaz, manipulazioa, zentsura eta gezurra erabiltzeko eta errealitatearen bere bertsioa kontatzeko, baina egia beste bat da: Jaizkibel elkartea ez da gai izan, edo ez du nahi izan, kanpotik etorritako bai uniformatutako bai uniforme gabeko jarraitzaileak kontrolatzeko, eta jarraitzaile hauek ez dira Hondarribiara Jaizkibelen kausa defendatzera etorri baizik eta borroka feministaren gonapean etorri dira gure iritzia garai batean erabilitako kale borrokaren jokabideekin zapaltzera. Gero guzti honetan duten erantzukizuna ezin da inolaz ere saihestu.

Salatzen dugu zenbait interes politikoen kontraprestazio gisa Alardea erabiltzea. Hausnarketa egiten dugunean galdera bakarra datorkigu burura: Alardearen aferarekin horrela jokatzen badute, nola ote dirua eta boterea dakarten gaiekin? Nazka-nazka eginda gaude gure eskubideak zuen akordio politikoak negoziatzeko objektu gisa erabiliak izateaz. Berdintasun eza eta diskriminazioa jasan duten emakume bakarrak BERE AUKERA ETA PROTESTA galarazia ikusi dutenak izan dira.

Bi iritzi, bi ekintza, bakoitzak bere lekua eta denbora. Gatazka sortzen duten inongo inposiziorik gabe. Istilurik gabe, kanpoko esku-hartzerik gabe, bakoitza bere benetako babesekin, baliabideak eskuratzeko aukera berak, eta bakoitza bere ikusleekin, norberak askatasunez eta presio gabe aukera dezala nola ospatu Alardea”.