Kalixa Silanes, Kultura zinegotzia. / Hondarribiko Udala

Datorren azaroaren 16ean Itsas Etxea Auditoriumean, Hondarribiko I. Aurresku Txapelketa Nagusia (Gipuzkoar erara) ospatuko da. Ibarla Meaka dantza taldeak eta Hondarribiko Udalak antolatuta eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin, arratsaldeko 18:30ean hasiko da ekitaldia.

“Udaletik ematen dugun kultur eskaintza zabalaren beste adibide bat dugu hau” esan du Kalixa Silanes Kultura zinegotziak. “Urtean zehar kontaktuan eta lanean gauden Ibarla Meaka Dantza Taldetik etorri zitzaigun proposamena, eta oso begi onez ikusi genuen. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera, ekitaldi ikusgarri batetaz gozatzeko aukera izango dugula uste dut”.

Gutxienez aurten 15 urte betetzen dituztenek izango dute parte hartzeko aukera. Parte hartzeko epea itxi ondoren, 11 izango dira parte hartuko duten dantzariak.

Ekitaldia 18:30an hasiko bada ere, 17:30etik Itsas Etxea Auditoriuma irekita egongo da.