Jendez gainezka egongo da liburutegia egun hauetan. / Hondarribiko Udala

Liburuaren Eguneko ospakizunak luzatzea erabaki du aurten Hondarribiko udal liburutegiak. Honela, apirilaren 23tik 28ra, Twitter bidez sustatutako BookCrossing ekimena jarriko du abian. Liburuak, komikiak, haurrentzako ipuinak, DVDak… 50 bat ale izango dira, orotara, askatuko direnak eta, horien artean, Sisifo maiteminez, El perro de los Baskerville edo The Name of the Rose bezalako izenburuak topatuko dituzue, baita Kika Superbruja saileko aleren bat ere, besteak beste.

Astebetez, Hondarribiko kale eta plazak liburutegi bilakatzeko helburua du ekimenak, berritasun batekin, gainera: egunero-egunero, ale horiek askatu ahala, liburu, komiki edo DVDak aurkitu ahal izateko, ale bakoitzaren kokapena asmatzeko pistak eskainiko dira. Liburutegiko langileek Twitter sare soziala baliatuko dute jolas moduko hau sustatzeko. Nolanahi ere, BookCrossing-ean askatutako liburuak erraz identifikatzeko moduan egongo dira: pegatina bereziak izango dituzte eta argibideak ere utziko dira liburuan bertan. Nagusiki, BookCrossing etiketa daraman liburua aurkitu duenari, honakoa eskatzen zaio: webgune ofizialean sartu (http://www.bookcrossing-spain.com) eta liburua non topatu duen adieraztea. Horrekin batera, BCID edo identifikazio zenbaki bat ere sartu beharko du irakurleak, eta (berriz ere askatu aurretik) liburuari buruzko iruzkinen bat uzteko aukera ere izango du. Izan ere, BookCrossing-a, izatez, muga geografikorik ezagutzen ez duen doako liburu klub erraldoi baten gisakoa da, liburuak trukatzeaz gain, beste irakurle batzuekin iritziak trukatzeko aukera ere ematen duena. Aipatutako ekimenean parte hartzera animatzen dute liburutegitik eta, jakina, Twitter kontuko txioei erantzuteko gonbita ere luzatzen dute.

Bisita gidatuak eta ipuin kontaria

Baina ez hori bakarrik. Asteartean (18:00etan), Lupe Lekuona ipuin kontariaren saioa izango dugu 4-7 urte bitarteko haurrentzat. Sarrera librea da, aretoko 40 lekuak bete arte.

Horrez gain, 8 bisita jasoko ditu liburutegiak apirilaren 23ko astean. San Jose Ikastetxeko lehen hezkuntzako haurrak, apirilaren 23an, 24an, 26an eta 27an hurbilduko dira Zuloaga Etxea ezagutzera. Datorren astean, guztira, adin ezberdinetako 130 bat haur ibiliko dira liburutegian barrena. Gaur, Liburuaren Egunean bertan, Talaia Institutuko gazte talde bat ere liburutegira txangoa egitekotan da. Ikasle askok ezagutzen dute eraikina eta bertan eskaintzen diren zerbitzuak, baina egun ezin aproposagoa hautatu dute liburutegira etorri eta irakurketarako tarte bat hartzeko. Institutuko Yoseba Peña irakasleak gidatzen duen irakurketa klubeko topaketa ere Kale Nagusiko egoitzan egingo da apirilaren 23an (bilkura hauek institutuan egin ohi dituzte, hilero). Eta adin guztietako irakurleak daudenez, Nagusilan eta Kasino Zaharra elkartekoak ere bisitan etorriko dira Liburuaren Egunaren aitzakian. Bi talde hauek apirilaren 24ean, Opila Egunaren bezperan, etorriko dira liburutegira.