Bildutakoa Siria iparraldera bidaliko da Madrilgo Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundearen bitartez. / Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea

Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak ia tona bat material lortu ditu hiru egunetan, asteazkenetik ostiralera, Puntaleko eskola zaharrean jaso zutena. Bildutakoa Siria iparraldera bidaliko dute Madrilgo Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundearen bitartez, azken asteetako bonbardaketen ondorioz desplazatuen artean banatzeko. Hondarribiko boluntarioek dagoeneko material osoa sailkatu eta prestatu dute eta aste honetan bertan bidaliko da Afrikara, Madrildik aterako den kamioi baten barruan.

Lehen aldia da Hondarribia-Katsikasek Siriarako bilketa egiten dueña (orain arte Greziara iritsitako errefuxiatuentzat bidali izan dute materiala) eta herritarren erantzuna paregabea izan dela adierazi du Mari Jose Aseginolaza elkarteko presidenteak: “Herritarrei esker 90 kaxa handi bete ditugu, lotarako 100 zaku, 80 isolatzaile, euritarako 700 kapa eta 80 beroki, 500 aterki, 350 oinetako, mantak… izugarria. Egoera onean zegoen materiala eskatu genuen, eta hori ekarri digute, oso material ona. Jende asko, eskatzen genuena ez zuenez, erostera joan da Puntalera etorri aurretik. Oso hunkituta gaude”.

Horrez gain, asko izan dira ekarpen ekonomikoak egitea erabaki duten herritarrak, Hondarribikoak eta kanpokoak. “Los Olvidadosekin kontsulta egin eta gero, aterkiak eta belarri-berokiak erostea erabaki genuen. 250 aterki, 100 kapa eta 1.000 belarri-beroki erosi ditugu eta horiek ere joango dira bidalketan. Horrez gain, Madrilen haurrentzako janaria erasiko dute, eta guk ordainduko dugu”. Orotara, 3.500 euro inguru bildu dira Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearen aurreko asteko premiazko bilketan.