META! 2018ko deialdian hautatu diren 15 proiektuetako bat da Zinebai. / Orbela Kultur Elkartea

Itsuek edo ikusteko arazoak dituztenek zinea “ikustea” ez da zientzia fikzioa, baizik eta gizarte konpromisoa. ONCEren AudescMobile bezalako aplikazioei esker, film kopuru handi batek audiodeskribapenak ditu. Metodo hori beharrezkoa da ikusmenaren desgaitasuna dutenek zinearen esperientzia goza dezaten erabat. Hala ere, euskarazko zinemarako aukera ez dago publiko mota horrentzat.

Zinebai izenenko proiektuaz baliatuz, Orbela Kultur Elkarteak aldaketa bat eta gizarte eztabaida bat sortu nahi ditu, euskaraz filmatutako zinea mota guztietako publikoetara hurbilduz.

Zinebairen helburu nagusia euskarazko hainbat ekoizpen audiodeskribatzea da zine egokitua, irisgarria, libreagoa eta integratzailea eskaintzeko. Hainbat filmen audiodeskribapenak egiteaz gain, proiektua 2019an egingo den jardunaldi batean amaituko da. Jardunaldi horretan aipatutako filmak proiektatuko dira eta lehen aldiz egingo da %100ean irisgarria den euskarazko erakustaldi bat.

Mikromezenasgo: 40 egun, irailaren 18tik aurrera

META! 2018ko deialdian hautatu diren 15 proiektuetako bat da Zinebai. Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuko proiektua mikromezenasgo edo crowdfunding-aren bidez finantzatu beharko da, hau da, herritarrek egindako ekarpenekin. Nolanahi ere, Aldundiak diru-laguntza publikoez lagunduko du, honela: herritarrek emandako euro bakoitzeko, aldundiak beste euro batez bikoiztuko du aipatutako proiektua, ekimen bakoitzeko 4.700 euroko kopurura iritsi arte.

Kanpaina asteartean hasiko da eta 40 eguneko iraupena izango du. Aipatutako kanpaina Interneten egingo da nagusiki, eta proiektu bakoitzaren gizarte sareen bidez ere bai, Goteo Fundazioaren ikuskaritzarekin eta koordinazioarekin. Kasu honetan, Zinebaik orri bat ireki du Facebook, Twitter eta Instagram sareetan, @zinebaizinema izenaz.