Leire Zubitur (e), Gurutz Aginagalde eta Jose Antonio Santano. / Txingudiko Zerbitzuak

Txingudiko Zerbitzuakeko eta C.D. Bidasoako ordezkariak gaur goizean bildu dira Irungo Artaleku kiroldegian, martxan jarri berri dituzten lan ildo berriak ezagutzera emateko. Gaur egun, bi erakundeen artean duten kolaborazio hitzarmenari esker partidoetan sentsibilizazio jarduerak egin ohi dira. Baina oraingoan haratago joan nahi izan dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Ingurumen Agenda diseinatuko dute C.D. Bidasoan ingurumen kultura txertatu ahal izateko eta ondorioz hondakinen kudeaketan eta uraren kontsumoan hobekuntzak lortzeko.

Proiektua Txingudiko Zerbitzuakek abian jarri zuen lan ildoaren barruan kokatzen da non eskualdeko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten gizarte eragile ezberdinak identifikatzen dira, besteak beste, eskolak, dendak, ostalaritza, gastronomia elkarteak, etabar, beraiekin elkarlanean aritzeko. Eragile horiek, C.D. Bidasoa barne, gogotsu azaldu dira hondakinen eta uraren kudeaketa hobetzeko.

Leire Zubiturrek, Txingudiko Zerbitzuakeko gerenteak, azaldu duenez, Ingurumen Agenda honi esker etorkizunerako ingurumen ekintza eta helburuak finkatuko dira, “oraingoz Artalekun jokatutako partido baten ondoren diagnosia egin da eta ikusi ahal izan dugu partidotara doazen pertsonen %25ek hondakinak uzten dituztela harmailetan. Zenbaitek pipak jan eta azalak lurrera botatzen dituzte eta beste batzuk litxarreriak jaten dituzte eta bertan uzten dituzte hondakinak”. Honela, harmailetan geratzen diren hondakinen %78 plastikoa da, bereziki edalontzi eta plastiko botilatxoak, %14 hondakin organikoa eta gainontzeko %8 paper eta kartoi hondakinak.

Gurutz Aginagaldek, C.D. Bidasoako presidenteak, adierazi du gogotsu hartuko duela erronka hau eta bere nahia dela ingurumenaren ikuspegitik Bidasoa kluba jasangarri bihurtzea, “jakin badakigu erreferente garela bidasoa aldean eta ondorioz garrantzitsua da gure baitan dauden esparru guztietan lan egitea; oinarriko eskubaloia, familiak eta bazkideak”. Oraingoz, zenbait neurri zehatz abian jarriko dira; berrebili daitezkeen poltsa eta botilatxoen erabilera, partidoetan sortzen diren hondakin organikoak jasotzeko paper poltsak banatuko dira eta txalo egiteko aparailu berrerabilgarriak ere, kartoi hondakin gutxiago sortzeko”.

Horrez gain, hemendik aurrera Artaleku eta beste kirol azpiegituretako gaikako bilketa integrala izango da, hau da, organikoa, plastikoa, metala eta papera banatuko dira. Ildo beretik, ekintza horiek beste esparrutara eramango dira, udarako stageetara, kasu. Bertan, aipatutako neurriak ezartzeaz gain, Txingudiko Zerbitzuaken eskutik ingurumen ibilbideak egitea aurreikusten da.

Azkenik, Jose Antonio Santanok, Txingudiko Zerbitzuakeko mankomunitateko presidenteak, azpimarratu nahi izan du ingurumen hezkuntza ez dela soilik etxean, eskolan edo lantokian erakutsi behar, baita ere aisialdi garaian, “horregatik profil hori duten eragileekin lan egin nahi dugu. Dagoeneko BAT-ekin (Bidasoa Atletiko Taldea) lanean hasi gara eta etorkizunean klub gehiago atxikitzea espero dugu. Azken finean, ondo ulertu behar dena da kirolean ere praktikan jarri behar direla ohitura jasangarriak”.