Monica Martinez, Miren Tolosa, Beñat Alzaga eta Sara Roura. / Irungo Udala

Euskarako ordezkariak, Monica Martinezek, Udal Euskaltegiko zuzendaria den Miren Tolosarekin, Irungo AEK-kako zuzendaria den Beñat Alzagarekin eta Sara Roura mintzakidearekin, Mintzalaguna, hau da, euskara ikasten ari direnei eta euskara praktikatu nahi dutenei zuzendutako ekimena, aurkeztu du.

Mintzalaguna egitasmoan, 5-6 laguneko taldeak osatzen dira, euskal hiztuna den lagun bat, taldea dinamizatzen duena eta gainerakoak, euskara praktikatu nahi dutenak, euskaraz arituz. Astean behin biltzen dira.

«Helburu nagusia euskaraz hitz egitea da, beraiek erabakitako tokian eta orduan biltzen dira ikasturtean zehar gainera. Zerbait hartu, paseo bat eman, edozein ekintza egiten dute, baina beti euskaraz eta giro onean» aipatu du Euskarako ordezkariak.

Askorentzat, lagun euskaldunak egiteko modua ere bada, taldetik kanpo ere euskaraz bizitzeko aukera zabaltzen dute. Adin guztietako jendea biltzen da taldeetan.

Ekintza hauen harira, egitasmoen barruan, irteerak ere antolatzen dira, baita ikastaro/tailerrak ere (sukaldaritza, argazkilaritza etab.), ekintza kulturalak, eta afariak bezalakoak.

Informazio gehiago Irungo Udaleko Euskara arloaren atarian www.irun.org/euskara .
Hilaren 16a arte eman daiteke izena webgune horretan bertan, 943 50 52 73 telefonoan, edo Udal Euskaltegira hurbilduz, Urdanibia 5.