Tailerrak ere antolatu dira 16 urtetik gorako pertsonek beren Gabonetako dekorazioa diseinatu eta 3Dtan inprima dezaten. / Bidasoa Bizirik

Bidasoak bizirik-ek, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Makers programa antolatu du bigarren urtez. Horrela, astelehenero, azaroaren 25etik aurrera eta 2020ko otsailera arte, 15:00etatik 19:00etara, ate irekien jardunaldiak egingo dira Irun Factory-n, maker jarduerak ezagutu edo horietan parte hartu nahi dutenentzat. Hau da, prototipoekin, 3D inprimaketarekin, elektronika digital eta analogikoarekin eta abarrekin lotutako jarduerak.

Jarduerak egiten diren bitartean, parte-hartzaileek Irun Factoryko ekipamendu teknologikoa modu tutorizatuan erabili ahal izango dute, sormenerako eta ekintzailetzarako giro egokian.

“Talde lana eta elkarlana izango da jardunaldi hauetako gakoetako bat. Irun Factoryra hurbiltzen direnek maker lan gune bat ezagutzeko aukera izango dute, baita trebetasun ekintzaile, teknologiko eta digitalak garatzeko kezka bera duten pertsonak eta enpresak ezagutzeko aukera ere”, azaldu du Miguel Angel Paez-ek, Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

“Gainera, saio horietatik ideiak gauzatzeko eta ideia berritzaileetan eta prototipo-proiektuetan, proiektuen aurkezpenean eta abarretan lankidetzan aritzeko aukerak sortzea espero da”, gehitu du Maria Serranok, agentziako presidenteordeak.

Bestalde, Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoak adierazi duenez, “oso pozik gaude Bidasoa bizirik-ekin elkarlanean aritzeagatik. Askotan eraldaketa digitalaz eta haren ondorioez hitz egiten dugu. Enpresa handiei ez ezik, herritarrei haien egunerokotasunean ere aukera berriak eskaintzen dizkieten tresna ezberdinak sortzen ari dira. Alde horretatik, Irun Factory hori guztia bultzatzen duen gunea da. Horregatik Mondragon Unibertsitateko profesionalak astelehenero egongo dira hemen makina horiek probatzera hurbiltzen den jendeari laguntza eskaintzeko”.

Azkenik, Ivan Campon eta Tania Lozano Gure Kontu enpresako gerenteek eta Irun Factoryko erabiltzaileek adierazi dutenez, espazio horrek eta bere tresnek “aukera ematen digute gure bezeroei produktu eta material berriak eskaintzeko, eta horiek sortzeko prozesuan parte har dezakegu. Laser bidezko ebaketa eta 3D inprimaketa erabiliz, potentzial handiko makinak, merchandisinga, maketazioa eta bestelako produktuak sortzen ditugu haientzat, eta horiek, zalantzarik gabe, balio erantsia dira gure enpresarentzat “.

Jardunaldi hauen barruan, Gabonetako dekorazioa sortzeko tailerrak ere antolatu dira. Horien helburua 16 urtetik gorako pertsonak maker mundura hurbiltzea da. Diseinuaren, laser-mozketaren eta paperezko elektronikaren bidez, Gabonetako irudiak diseinatuko dira, eta paperezko zirkuituak eraikiko dira Gabonetako apaingarriei bizia emango dieten ledak piztu eta itzaltzeko. Tailerrak astelehenero izango dira (azaroaren 25etik abenduaren 16ra bitartean), 17:00etatik 19: 00etara.

Aipatzekoa da, bestalde, Makers programaren lehen edizioa oso arrakastatsua izan zela. Irun Factoryra ehundik gora lagun hurbildu ziren orduan, eta sortzeko modu berriak arakatu, probatu eta ezagutu nahi izan zituzten. Bertaratutakoen profila, gainera, askotarikoa izan zen gainera (bai beren sorkuntzak erreproduzitzera 3D inprimaketaren mundura lehen aldiz hurbiltzen ziren pertsona kuriosoak, bai eta teknologia berriak baliatuta beren diseinuak eta prototipoak 3Dn egiten dituzten ekintzaileak ere), eta hala izatea espero da oraingo honetan ere.

Programa garatzeko hitzarmena Bidasoa bizirik-en, Mondragon Unibertsitatearen eta Irungo Udalaren artean sinatu da, azken horrek jarduerak garatzeko espazioa laga duelarik.

Makers programa CONNECT INNOVACTION BAI! (EFA 077/15) proiektuaren barruan kokatzen da, Maker mugimenduari lotutako teknologia berriak (teknologia digitalak, 3D diseinua eta inprimagailuak, robotika sortzaileak, etab.) jendeari zer potentzialtasun dituzten erakustea helburu duena.

Irun Factory

Irun Factory sormenerako, prestakuntzarako, hedapenerako eta ekintzailetzarako gunea da, batez ere sormen ekonomiaren esparruan. Hasiera-hasieratik, Irun Factory-k pertsonei zein kolektibo sortzaileei espazioak, baliabideak eta lankidetzako laguntza eman nahi izan dizkie, beren proiektuak garatu ahal izan ditzaten, zuzkidurak, azpiegitura eta egitura eskainiz.

Irun Factoryk diseinurako eta inprimaketarako eskanerra, 3D inprimagailuak, pantaila digital adimendunak, prototipoen tresneria eta laser bidezko ebaketa-makinak ditu.