Xabier Iridoy eta Lourdes Larraza. / Irungo EAJ

Gaur goizean, Xabier Iridoy Irungo EAJko bozeramaileak eta Lourdes Larraza, taldeko zinegotziak, gobernuari eta zehazki Bide Publikoko ordezkariari, joan den urtarrilean udalbatzak onartu zuen mozioa, bide publikoko terrazak eta mahaitxoak jartzeko udal ordenantza eguneratzeko prozesua aztertzeko lan-mahai bat deitzea eskatu diote.

Duela urte erdi baino gehiago, 2019ko urtarrilean zehazki, Irungo EAJ-PNVk, bide publikoan dauden terrazen eta mahaien ezarpena arautzen duen Udal Ordenantza eguneratzeko, eta Udalbatzako gehiengoak onartu zuen mozio bat aurkeztu zuen. «Ordenantza bera gaurkotzeaz gain, gure hiriko sentsibilitate guztiak ordezkatuz mahai bat sortzea eskatzen genuen mozio horretan. Izan ere, gure hiriko sentsibilitate guztiak; ostalaritza, merkataritza, auzo elkarteak, adineko pertsonak, etab. modu koordinatuan eta adostasunez lan egiteko modu egokia zela uste dugu. Are gehiago, mozioan bertan 3 hilabeteko epean, araudi eguneratuaren lehen zirriborroa egitea ere adostu zen» adierazi du bozeramaile jeltzaleak. Gaur egun oraindik, ordea, «ordenantza hau lantzeko ez da mahairik osatu ezta deitu, eta ez dirudi gobernuak horretarako borondate politikoa duenik», deitoratu du Larraza zinegotziak.

Irungo EAJren iritziz, Irunek bizi zuen errealitateak, duela urte dezente gainditu du, egun oraindik udalean indarrean dagoen terrazen ordenantza, 2001ean osatu eta 2006an aktibatu zen arau multzoa. Tabakoaren aurkako legea, eremu itxietan erretzeko debekua, onartu aurretik landutako ordenantza. «Tabakoaren aurkako lege honek herritarren ohituren aldaketan eragin du, baita terrazen eta mahaitxoen erabileran ere. Esan genezake, terrazak azken urteotan gure hirian gehien eskatzen den aisialdirako alternatibetako bat dela» esan du Larrazak. «Ohitura aldaketa horrek, ordea, elkarteen eta herritarren kexak ere ekarri ditu; terrazen kokapenaren ingurukoak, bide publikoaren okupazioaren ingurukoak, tamainarenak, eragozpenak, etab. eta horregatik aurkeztu genuen mozioa».

Inguruko hiriek eta herriek beren ordenantzak eguneratu dituzte, hiriak eta bere pertsonek zituzten benetako premien arabera, «Irunek ez ordea… ez dugu ulertzen Gipuzkoako bigarren hiriak nola ez duen oraindik horrelako araudi bat eguneratu. Are gutxiago, udalbatzak mozio bat onartu dueneatn eta herritarren kexak ere badaudenean. Jarrera horrek argi uzten digu, itxuraz, gobernuak irundar askok bizi duten egoera hobetzeko inolako interesik ez duela».

Halaber, Iridoyk azpimarratu nahi izan du, gaur egun irisgarritasun arauaren betetzearen inguruan mugak daudela, eta ondorioz, ordenantza berriak hauek ere jaso beharko lituzkeela. «Irun, pertsonek paseatu, ibili, bisitatu… dezaketen hiria izan dadila nahi dugu. Azken batean, hiri irisgarria izan dadila nahi dugu; oinezkoen, partikularren, merkatarien eta batez ere aniztasun funtzionala duten pertsonen interesak errespetatzen eta bateratzen dituen hiria».

Bukatzeko, Iridoyk eta Larrazak, gobernuari, eta zehazki Bide Publikoko ordezkariari, urtarrilean onartutako mozioa bete, eta lan-mahaia deitzea eskatu diote. Hala, Irungo sentsibilitate guztiak kontuan dituen lan mahaiak, terrazak eta mahaitxoak arautzeko ordenantza eguneratzeko helburuarekin.