Otsailaren 28tik martxoaren 23ra arte luzatuko da Euskararen Hilabetea. / Irungo Udala

Mónica Martínez Euskara ordezkariak eta Arantza Zulet arloko teknikariak Irungo Udala euskararen hilabetea dela eta prestatzen ari den programazioa ezagutzera eman dute gaur goizean. Hirian, otsailaren 28tik martxoaren 23ra arte luzatuko da jarduera ugarirekin.

“Irungo Udalak dituen helburuen artean, gazteen artean euskararen erabilpena sustatzea da, ikasgeletatik harago. Horrexegatik sortu zen Euskararen Hilabetea aisialdiko euskarazko proposamenak biltzen dituen ekimena, gazteentzat erakargarriak izateko. Jarduera formatua hilabete batean kontzentratzen da, baina urte osoan luzatzea erronka gisa markatzen du eta horren emaitza gisa, hilabete guztiak euskararen hilabetea izatea”, azpimarratu du Mónica Martínezek.

Helburu horrekin, proposamen programa bat antolatu du Euskara arloak. Programa horretan, parte hartuko duten ikasleen adinetara egokitutako hainbat antzerki emanaldi eta gazteen mintzodromo bat izango dira, martxoaren 15 eta 16rako.

Liliput ipuin xume eta poetikoa da, antzerki eta musikaz beteta. Bi hodeiren eskutik, bata handia eta bestea txikia, hirien eta itsasoen gainetik bidaiatuko gara uharte batera iritsi arte: Liliput. Hodeien begirada samurra eta urruna izango da istorio hau gidatuko duen ildoa.

Hodeien azpitik, eszenatokiaren ondoan, bi lutier modernok musika elektronikoko instrumentuen konbinazio harrigarri bat erabiliko dute ametsen sinfonia bat sortzeko ikusleen laguntzarekin. Instrumentu elektronikoen eta interprete eta ikusleek manipulatutako elementuen konbinazioari esker gure Liliput bereziaren soinu-banda osatuko dute eta gure jokabideak ingurumenean dituen eraginak ikusi ahalko ditugu.

Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek Teatro Gorakadak ekoiztutako Mobydick antzezlana ikusiko dute. Literatura unibertsaleko artelan honen handitasuna nolabait islatzen saiatu dira eta ikuslearen imajinazioa martxan jartzeko aukera paregabea ematen du gazteak itsasoaren, kaxaloteen eta pertsonaien gorabeheratan murgiltzeko. Hori guztia ikusi ahalko du ikusleak elementu eszenikoak, erritmoa, umorea, musika, aktoreen lana eta Melvilleren hitzak lagun.

Bigarren hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek Eidaberen Zutuberrak antzezlana ikusiko dute. Gogoko dituzten osagaiez baliatuta (Internet, YouTube, rapa, irudiak eta abar) euskararen gaineko hausnarketa egingo da. Zergatik ez dugu euskaraz egiten? Gure hizkuntzak ematen ez digun zer ematen digute erdarek, bada? Zer gertatuko litzateke hizkuntzarik izango ez bagenu?

Bigarren hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek Kukai Dantzaren OSaka Plazara ikuskizuna ikusiko dute. Pablo Iraburuk eta Iñaki Alforjak sortutako film dokumentalean oinarrituz, Kukaik dantza eta zinema bateratzen dituen formatu hau proposatzen du. Hiru dantzarik Oskara ikuskizuneko hainbat pasarte taularatzen dituzte, dokumentalaren proiekzioarekin batera. Ikuskizunaren sormen prozesua da lan honen abiapuntua, identitatea gogoetarako gai nagusia delarik.

Ikuskizunez gain, ikasleek egindako euskarazko ekoizpenak jasoko dituzten bi aldizkari berezi kaleratuko dira; batak Haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako 1. eta 2. zikloko lanak jasoko ditu, eta besteak, lehen hezkuntzako 3. ziklo eta DBHko lanak.

Gainera, martxoaren 15ean eta 16an mintzodromo gazte bat izango da DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin.

Horretaz guztiaz gain, aurten martxoaren 15ean, 19:30etan, helduentzako ekimen bat izango dugu Amaia Kultur Zentroan eta doako sarrerakin, «Laburbira» euskarazko film laburren zirkuitoa, Aurten 15. edizioa izango da eta 8 film proiektatuko dira 77 minutuko iraupenarekin. Film horietako baten zuzendaria den Itxaso Navarro etorriko da proiekzioaren ondoren solasalditxo bat izateko ikusleekin.