Bertako merkataritzaren aldeko lehiaketara deitu du Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak. / Irungo Udala

Ostiral honetan, Kontsumoko ordezkariak, Rebeca Gonzalezek, eta Hiri Bultzadakoak, Juncal Eizaguirrek, Irungo Udalak martxoaren 15a Kontsumitzaileen Eskubideen Mundu Eguna dela-eta antolatzen duen mikromezu lehiaketaren hamahirugarren edizioa aurkeztu dute.

COVID-19 pandemiaren ondorioak direla-eta, 2021eko edizioan, joan den urtean bezalaxe, ezingo da egin udaletxeko areto nagusian egin ohi den sari banaketa. Gainera, lehiaketarako aukeratutako gaiaren bidez, mezu inplizitu bat helarazi nahi zaio bertako merkataritzari, eta bertako dendetan kontsumitzeko kultura sustatzeko erabiliko da aurtengo sari banaketa, BidaShop eta Mugan merkatari elkarteekin elkarlanean.

Berrikuntza horien berri emateaz gain, Rebeca Gonzalez ordezkariak azaldu du “egungo egoeran lehiaketa irauli” nahi izan dutela, “eta pandemiaren ondorioak sufritzen ari den sektore bati eskaini”. “Horiek horrela, bi helburu lor ditzakegula pentsatu dugu: batetik, kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzen jarraitu eta, bestetik, gertuko merkataritzaren alde egin”, argitu du.

Sariketaren leloan inspiratutako mezuak idaztean datza lehiaketa. Hain zuzen ere, “Gertuko merkataritza: auzoan erostearen abantailak” da aurtengo leloa, eta euskaraz zein gaztelaniaz parte har daitezke, martxoaren 6ra bitartean, gehienez ere 400 karaktere luze diren mezuak idatzi eta omic@irun.org helbide elektronikora edo WhatsApp bidez 688 75 62 54 telefono zenbakira bidalita. Adinaren araberako kategorietan banatuko dira sariak: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. mailako ikasleentzako saria Samsung Galaxy tableta bat izango da, eta DBHko 2., 3. eta 4. mailetako ikasleentzako saria, ordenagailu eramangarri bat.

Juncal Eizaguirrek, berriz, ekimena eskertu du, “une honetan inoiz baino beharrezkoagoa baita guztiok norabide berean arraun egin eta guztion artean bertako establezimenduak babestu ditzagun. Irungo dendetan erostea hiriari hazten laguntzea da. Gure kaleak bizirik mantentzea horrelako ekintzen esku dago, eta oso onuragarria da horrelako proposamenen bidez belaunaldi berriak kontzientziatzea”.

Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak ikastetxeen laguntza eskertu du, urtero babesten baitute ekimena. Iaz, adibidez, ezin izan zen antolatu sari banaketarik, baina lehiaketak arrakasta handia izan zuen, 318 lagunek parte hartu baitzuten programan, inoiz baino gehiagok.

Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoaren 2020ko balantzea Agerraldian, bide batez, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko arduradunek iazko jarduera oroitidazkiaren berri eman dute. Beste udal zerbitzu batzuetan bezala, pandemiak Bulegoaren jarduna baldintzatu du, baina, aurrez aurreko arreta etenda ere, herritarrei zerbitzu egiten jarraitu du.

Nabarmentzekoa da Bulegoak erantzuna emateko gaitasuna handitu eta 2.552 kontsultari erantzun diela, inoiz baino gehiagori. Telefono eta posta elektroniko bidezko arretak gora egin du, eta garraio eta bidaia gaiei buruzkoa izan da kontsulta multzorik handiena, alarma egoerak lehenik eta ezarritako murrizketek ondoren bidaiak bertan behera uztera behartu baitzuten. Bigarren gai nagusia Dentix kliniken itxiera izan da.

Erreklamazioek, aldiz, atzera egin dute; Bulegoko arduradunen ustez, konfinamendua dela eta. Adostasun handiagoa edo aldeen arteko akordio gehiago izan da, ordea, eta erreklamazioen % 48,3 horrela ebatzi da.