Irungo Ertzain-etxea. / Ertzaintza

Atzo, astelehena, 20:50 aldera, Irungo Luis de Uranzu kalean zeuden herritarren babeserako bi patruilek auto bat ikusi zuten gaizki aparkatuta, eta, matrikularen datuak egiaztatzean, jakin zuten substantzia sorgorgarriekin erlazionatutako hainbat gertaerarekin lotuta zegoela.

Une horretan, gizon bat autoan sartu eta martxan jartzen saiatu zen handik alde egiteko. Ertzainek gidariari abisu eman zioten eta ihes egitea eragozteko ahaleginak egin zituzten, baina honek zakar azeleratu zuen agenteak arriskuan jarriz. Azkenean, inplikatuaren autoak polizia-autoa eta aparkatuta zegoen beste auto bat jo zituen.

Ertzainek atxilotu egin zuten gidaria, eta prebentziozko miaketa egin ziotenean eta autoa aztertu zutenean substantzia prentsatu bat, ustez haxixa, aurkitu zioten 100 gramoko bi tabletatan, bai eta labana bat eta doitasun-balantza bat ere.

Aginte eta Kontrol Zentrotik patruilei jakinarazi zieten atxilotuak erretiratuta zuela gidabaimena bere jatorriko herrialdean, Frantzian. Gizonak gero positibo eman zuen egin zioten droga-testean. Atxilotuari agintaritzaren kontrako atentatua, droga-trafikoa eta bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatu dizkiote.

Gaur, asteartea, goizean eraman dute arrastatua Irungo Guardiako Epaitegira.