Irungo erakunde eta enpresak hasi dira Ariguneak sortu eta bultzatzen, eta irailaren 27ra arte izango dute aukera entitate gisa izena emateko. / Irungo Udala

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala proposatu zien 2018ko Euskaraldiak norbanakoei, eta lan horretan sakontzera dator bigarren edizio honetako antolatzaile nagusi diren Eusko Jaurlaritza eta Topagunearen aburuz, norbanakoen ariketa ez ezik, taldearena ere izango baita aurtengoa. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo da “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean. Irun hiriak eman du izena: “Irungo udalak egoera sanitario zail honetan antolatzaile nagusien irizpideak jarraituaz ekimena bideratuko du. Azken finean, irundarren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala indartu nahi da bigarren edizio honetan”, azaldu du Monica Martinez Euskara Ordezkariak egindako agerraldian.

Hortaz, Ahobizi eta Belarriprest rolak ez ezik, Ariguneak ere izango dira aurten, entitate publiko nahiz pribatuetan euskaraz lasai aritzeko sortuko diren guneak. Gune horiek barne-funtzionamenduan (barne-ariguneak) nahiz herritarrekiko harremanetan (kanpoariguneak) sortuko dira; Arigunea osatzen dutenek gutxienez euskaraz ulertzen dutela bermatu beharko dute (Belarriprest izan).

Irungo erakunde eta enpresak hasi dira Ariguneak sortu eta bultzatzen, eta irailaren 27ra arte izango dute aukera entitate gisa izena emateko. Langintza honetan ez dira bakarrik arituko, izan ere, Monica Martinez ordezkariak azaldu duenez “udalaren erabateko laguntza izango dute prozesuan”.

UVESCO taldeak eta Bidasoa eskubalo taldea Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egingo dute

Irunen, Bidasoa Eskubaloi Taldeak eta Uvesco taldeak hartuko dute parte, besteak beste. Euskadiko BM eta SUPER AMARA supermerkatuak kudeatzen dituen UVESCO taldearen ordezkariak azaldu zuenez ahalik eta Barne eta Kanpo arigune sortu nahi dituzte, horretarako aukera dagoenean. Uvesco Taldeko Pedro Galdosek, BM eta Super Amarako Supermerkatuetako matrizearen ordezkariak, azaldu zuenez, “kalitatezko zerbitzuarekin dugun erantzukizunean beste urrats bat da, bertan funtsezkoa baita euskara integratzea, bai langileen artean beren lantokian, bai bezeroentzako zerbitzuan, gero eta arreta gehiago eskatzen baitute euskaraz gure supermerkatuetan erosketak egiterakoan”.

Bidasoa eskubaloi taldearen presidenteak bide beretik joko dutela adierazi zuen. Gurutz Aginagaldek, gainera zera aipatu zuen: “Gutxinaka bada ere, gure inguruan euskarak gero eta erabilpen maila handiagoa du zorionez eta bide hori jorratuz, Bidasoak ere eskualdeko eta Gipuzkoako erakundea den heinean, aurrerapausuak eman behar ditugu. Oinarriak etxean baditugu zaleak, kazetariak eta beste hamaika eragileri euskaraz erantzuteko, eta honen balioa azpimarratu nahiko genuke, baina baita jokalariak ere, oso ohikoa baita hainbat jokalari euren artean euskaraz aritzea. Bide horretan, Euskaraldiaren leihoaz baliatzeko dei egiten diegu irundar, bidasotar eta gipuzkoar orori, gure artean oso ohikoa den euskaraz hanka sartzearen beldurraren aurrean, beldur gabe ibil daitezela, elkar ulertuko garelako Irungo elkarte guztiak animatu nahi izan zituen Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzera”.

Norbanakoen izen-ematea, aurrerago

Ariguneekin batera, norbanakoen hizkuntza-ohiturak aldatzeari ere eutsiko dio 2020ko Euskaraldiak; Ahobizi eta Belarriprest rolen bidez egingo da oraingoan ere. Bigarren ariketa sozialean parte hartu nahi dutenek, irailaren 24tik aurrera izango dute aukera izena emateko. Aurreko edizioan, 3.600 irundarrek hartu zuten parte: 2.550 Ahobizi izan ziren, eta Belarriprest, 1.050. Norbanakoen izen-ematearen xehetasun gehiago aurrerago eskainiko da.

Euskaraldia Batzordea irailaren 17an

Lehen ariketa sozialean bezala, Irunen asmoa da gizarteko eragile ezberdinetako ordezkariek osatutako lantaldearen eta Udalaren artean antolatzea Euskaraldia. Horretarako, prozesua hastera doa. Irailaren 17an izango da lehen Euskaraldia Batzordea, arratsaldeko 18:00etan, Palmera Montero Guneko 2. aretoan. Bilera irekia izango da, interesa duen hiritar orori zuzendua. Bertan, aurtengo edizioaren aurkezpena egingo da, baita antolatzeko nondik norakoak azaldu ere; gainera, Talde Eragilean parte hartzeko gonbitea luzatuko da.

Bilera irekia bada ere, COVID-19arengatik ezarri beharreko segurtasun neurriak direla eta, bileran parte hartzeko aurrez izena eman beharko da 647 97 58 85 telefono zenbakira deituta edo irun@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatzita.