Miren Echeveste, Euskara arloko ordezkaria. / Irungo Udala

Miren Echevestek, Irungo udal Euskara Ordezkariak azaldu duenez Euskaraldiaren hirugarren edizioa antolatzeko prozesua abian da. Aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte egingo da hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa eta Irunek ere parte hartuko du aurreko edizioetan bezalaxe.

Zinegotziak azaldu duenez oraingoan ere bakarka zein taldean egin ahal izango da ariketa: herritarrek ahobizi edo belarriprest rolen konpromisoak hartu ditzakete; entititateek, aldiz, ariguneak sortzeko aukera izango dute, euskaraz lasai aritzeko guneak.

Horiek, entitateak, alegia, izan ditu hizpide, Euskara Ordezkariak. Izan ere, 2022ko Euskaraldirako ariguneak sortuko dituzten entitateek dagoeneko eman dezakete izena www.euskaraldia.eus webgunean. Korporatiboak azaldu zuenez Irungo era guztietako entitateek hartu dezakete parte: enpresek, merkataritza eta ostalaritza establezimienduak, elkarteak…

Bi bilera maiatzaren 25ean

Hain zuzen, Irungo era guztietako entitateei Euskaraldian parte hartzera animatzeko eta ariguneak sortzeko prozesuan laguntzeko, bilera irekiak egingo direla azaldu zuen. Maiatzaren 25ean izango dira Palmera Montero Gunean, eta bi deialdi egingo dira: lehenengoa goizez, 10:00etan hasita; eta bigarren arratsaldez, 18:00etan hasita.

Bilera irekiak izango dira, beraz, Irungo edozein entitatek parte hartu ahal izango du. Hala ere, aurrez izena eman beharko da irun@euskaraldia.eus helbidearen bidez.

Euskara Ordezkariak entitateak bileran parte hartzera animatu zituen, haren hitzetan, EUSKARALDIAK onurak baino ez ekarriko dizkielako nola entitateari hala Irungo hiriari eta EUSKARALDIA zer den gertutik ezagutzeko aukera izango dutelako.