Irungo erraldoiek babesleak behar dituzte

Irungo Atsegiñak ekimen bat asmatu du bere erraldoien konpartsa eraberritzeko, eta otsailaren 1ean, 19:00etan, azalduko du asmoa herritarren aurrean, Palmera Monteron

0
1309

Irungo Udalaren laguntzarekin, Irungo Atsegiñak herritarren aurrean aurkeztuko du otsailaren 1ean, 19:00etan, Palmera Monteron, bere erraldoien konpartsa eraberritzeko ekimena. Entitatearen helburua da “erraldoiek distira eta ikusgarritasuna berreskuratzea, urte osoan egiten diren ohizko ekitaldietan eta berrietan berriz ere distira egin dezaten”.

“San Pedro eta San Martzial jaiak, Euskal Jira edo Irungo Inauteriak ezin dira ulertu erraldoirik ez badago. Ekitaldi nagusi horietan, esaterako, giro ona sortzen laguntzen dute beren alaitasunez eta kolorez. Beren erara, hiriaren historia dira, eta gure harri koskorra jarri nahi dugu Irungo Atsegiñatik planteatzen duten ekimen honetan”, nabarmendu du Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak.

Irungo Atsegiñak dauzkan erraldoiek ehun urte inguru dauzkate, eta zein egoeratan dauden ikusita, eraberritu beharrik ere badute. Horregatik, mezenasgo txiki baterako kanpaina bat ireki dute, eta, bertan, edonork parte hartu dezake. Hasteko, 200-300na euroko 43 zatitan zatitzen da sinbolikoki erraldoi bakoitza; horrela, laguntza eman nahi dutenek erraldoi bat edo haren zati bat “babestu” ahal izango dute, kopuru hori edo egokia iruditzen zaiena emanez. Otsailaren 1erako programatu den bileran emango dira xehetasun guztiak.

Adierazi behar da enpresa gisa, edo instituzio, familia, kuadrilla edo partikular bezala ere lagundu daitekeela. Interesa duena harremanetan jarri daiteke Irungo Atseginarekin irungoerraldoiak@irungoatsegina.org postan, edo bere bulegoetara joan, astearteetan, 19:00etatik 20:00etara.

Udala, babeslea

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak baieztatu du Irungo Udalak babestuko duela erraldoietako bat, 10.000 euroko ekarpen bat eginez. “Eraberritzeko lan horretan lagunduko dugu, eta keinu bat, inoiz ez bezala keinu erraldoia, egin nahi duten irundar guztiak animatzen ditugu Palmera Monterora agertu daitezen otsailaren 1ean, Irungo Atsegiñaren ekimena ezagutzera”.