Elena Berazadi, Xabier Martínez de Antoñana, Irati Garmendia eta Martxel Telletxea. / Hartu Hitza Elkartea

Hiru hilabete pasa dira otsailaren 17an Hartu Hitza Elkarteak bere aurkezpen publikoa egin zuenetik. “Amaia Kultur Zentroan egin genuen agerpen jendetsu hartan bi notizia eman genituen. Lehena, Irunen burutzeko asmoa dugun herri galdeketa 2018ko azaroaren 18an izango zela. Eta bigarrena, galdeketa egin ahal izateko irundarren babesa behar genuela eta horretarako 3000 sinadura bildu nahi genituela”, diote elkartetik. Hiru hilabete pasa dira eta elkarteak behar zituen sinadurak bildu ditu, baita gehiago ere. “Beraz, gure lehen erronka bete dugu. Orotara 3861 irundarrek babestu dute gure ekimena. Denak 16 urtetik gorako eta gure herrian erroldatutako biztanleak izan dira. Lortutako sinaduretatik, %52,3a gizonezkoen sinadurak izan dira eta %47,7a emakumezkoena. Honi lotuz, Irungo auzo guztietako bizilagunek ekimenari babesa eman diotela esan nahi dugu. Azpimarratu nahiko genuke gure elkartearen talde sustatzaileak sinadura guztiak banan bana aztertu dituztela eta argi esan nahi dugu prozesu guztia era zuzen eta argi batean eraman dela. Era berean, ondorio argia atera dugu: Irunen estatus politikoaren inguruko herri galdeketa bat antolatzeko gure ekimenak babes zabala duela. Oso pozik gaude eta eskerrak eman nahi dizkiegu sinatu duten guztiei, ahaztu gabe, sinadura bilketaren prozesuan parte hartu duten bolondresei eta girotze lanean aritu diren talde guztiei”.

Hartu Hitza Elkarteak prest dauka azaroaren 18ko herri galdeketan Irungo herritarrei egingo dien galdera. Azken hilabetean ekarpenak jasotzen eta eztabaidatzen egon ostean, Hartu Hitza Irunek deitutako Adosguneko batzar irekian adostasun batera iritsi da. “Datorren larunbatean, maiatzak 19, jendarteratuko dugu. Ekitaldi handia prestatzen ari gara Irunen egun horretarako. Ekitaldi horretan ehundaka pertsonez osatutako mosaiko erraldoia eraikiko dugu Zabaltza plazan, sinadurak bildu ditugula ospatzeko eta etorkizunerako irudi eder bat uzteko. Eta bertan, azaroaren 18ko herri galdeketan erabiliko dugun galdera aurkeztuko dugu herritar guztien aurrean”.

Ekitaldia 18:00etan izango da irungo Zabaltza plazan eta esandakoez gain festa giroa izango da nagusi. “Irundar guztiei bertaratzeko deialdia luzatu nahi diegu”.