Borja Olazabal, Garapen Jasangarrirako eta Mugikortasuneko zinegotzia. / Irungo Udala

Garapen Jasangarrirako arloak antolatuta, Irungo Udalak aukera eskaintzen die hiriko ikastetxeei urtero gai batzuei buruzko programa batean parte har dezaten. Ingurumena errespetatzea, klima-aldaketaren aurkako borroka eta kontsumo arduratsuagoa dira ardatz komunak. Azken urte hauetan, Eskola Agenda 21 izena zuen proiektuak, eta ikasturte berri honetan, berritu egin da, 2030era begira jarrita.

Borja Olazabal ordezkariak azpimarratu duenez, “Eskola Agenda berriaren lehenengo urte hau funtsezkoa da, ibilbide bat hasten baitugu Nazio Batuen garapen jasangarrirako 17 helburuak aztertzera eramango gaituena. GJH esaten zaie, eta Udaletik, ildo horretan sakondu eta gure hirian aplikatu nahi ditugu. Eskola Agenda daukagun programa garrantzitsuenetako bat da, gazteekin gai horiek lantzeko. Emaitzak beti positiboak dira, eta haien ikuspegia oso baliagarria da, guztion artean planeta jasangarriago bat izan dezagun laguntzeko.

Aurten, hamabosgarren helburuarekin hasten da programa: Lehorreko ekosistemen bizitza. Oso helburu zabala da, eta basoetan ardaztuko da, eta, Garapen Jasangarrirako arlotik azaldu dutenez, “lehorreko bizitzaren erabilera jasangarria nola babestu, berreskuratu eta sustatu daitekeen hitz egingo dugu, nola kudeatu basoak modu jasangarrian, nola borroka egin basamortutzearen aurka, nola gelditu lurren degradazioa eta nola berreskuratu, eta nola gelditu biodibertsitate-galtzea”. Parte hartzen duten ikastetxeak: Eguzkitza BHI, Hirubide BHI, Pio Baroja BHI, Plaiaundi BHI, Toki Alai BHI, Txingudi LH ikastola eta Txingudi BH ikastola. Adin desberdineko 3.200 parte-hartzailetik gora gai hau aztertzen.

Nola funtzionatzen du Eskola Agenda 2030ek?

Eskola Agenda 2030 hiru ardatz nagusitan lantzen da: bata da curriculuma; bestea, ikastetxea, eta hirugarrena, udalerrian parte-hartzea. Orain arte, askotariko gaiak landu dira: ura, energia, eskualdeko mugikortasuna, kontsumoa, elikadura jasangarria, etab. Hemendik aurrera, Garapen Jasangarrirako Helburuak landuko dituzte ikastetxeek. Behin curriculumean sartuta aukeratutako GJHa eta zentroaren kudeaketaren diagnostikoa osatuta, jarduketa-plan bat egiten da, nola hobetu litekeen azaltzeko, eta horretarako, hainbat jarduera egiten dira, bai ikasgelan bai kalean, nahiz eta aurten pandemiaren bilakaeraren arabera egingo diren.

Nolanahi ere, lortutako emaitzekin, konpromiso pertsonal batzuk hartzeaz gainera, dokumentu bat ere sortzen da, udaleko ordezkarientzako proposamenekin, eta ikasturte-amaieran entzunaldia egiten da udaletxeko Areto Nagusian.