Monica Martinez, Euskara, Hezkuntza eta Gazteria ordezkaria. / Irungo Udala

LANNAHI programaren hirugarren txanda abian jarriko du Irungo Udaleko Euskara arloak. Langabezia egoeran dauden pertsonei begirakoa da programa eta haren bitartez euskara debalde ikasteko aukera ematen zaie. Hirugarren txandako ikastaroa apirilaren 1ean hasi eta ekainaren 21ean bukatuko da.

Udalak programa honen bost txanda eskainiko ditu 2018-2019 ikasturtean: 3 ikasturtean zehar eta 2 udan. Ikasturtean zehar goizeko txandetan izena ematen dutenek lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz, 3 orduz. Udan, ordea, lau ordu arituko dira goizez.

LANNAHI programan izena eman nahi dutenek izen-ematea internetez egin beharko dute 3. txandarako, martxoaren 4tik 12rako epean, SAC24h zerbitzuaren bitartez Irun Txartela edo beste ziurtagiri digital batzuk erabiliz (NA elektronikoa, Izenpe txartela..) eta hori ezinezkoa bazaie, HAZeko autozerbitzu terminaletan (San Martzial kalea, 2) egin dezakete matrikula egunero 8:00etatik 22:00etara.

Eskaria internetez egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943 50 52 73 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Monica Martinez Euskara ordezkariak LANNAHI programaren balorazio positiboa egiten du. “Hasieran egunero hiru-lau orduko erritmoa gogorra bada ere, berehala konturatzen zara egundoko aurrerapena egiten ari zarela eta euskara gutxi jakitetik hilabete gutxiren bueltan nahikoa ondo hitz egiteko gai zarela”.

Parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: LANBIDEn lan eskatzaile bezala inskribatua egon eta langabezian egon edo lanean egonda ere jardunak lanaldiaren %50a ez gainditzea.