Irungo Udala. / Oihana Sánchez

Irungo Udalak Jose Antonio Loidi ikerketa bekaren 14. edizioa deitu du. “Beka honek omenaldi bat izan nahi du, alde batetik, adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, orain ia hemeretzi urte gure artetik joan zena, eta, bestetik, euskarazko ikerketa suspertu eta bultzatu nahi ditu hainbat esparrutan: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika”, azaldu du Euskara aroloko ordezkaria den Monica Martinezek.

Bekaren ezaugarriak

Ikerketa esparruak: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika.
Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira.
Bekaren iraupena: 12 hilabete.
Bekaren diruzenbatekoa: 9.000 euro (gordinak).
Ikerketa-lana originala eta argitaratu gabea.

Eskatzaileak/onuradunak

– Norbanakoek edo taldeek eska dezakete beka
– Unibertsitatean graduatuak eta EGA agiria edo baliokideak
– Aurkezteko epea: 2018ko urriaren 5era arte (hau barne)
– Oinarriak, informazioa eta eskaera-orri eredua www.irun.org/euskara webgunean

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916-Irun, 1999), Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen. Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakinmin ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen.

Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan…).

1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalanierara itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide. Jose Antonio Loidi, euskaltzalea, Irungo Ikastolaren sortze lanetan eta Guda Zibilaren ondorengo lehenengo Euskal Jaien (1966) antolakuntza lanetan ere aurkituko dugu. 1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik. Irungo Udalak, 1999an, Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka sortzea erabaki zuen eta, aurten, 14. edizioa deitu du.