Irungo Udala. / Oihana Sanchez

Irungo Udalak Jose Antonio LOIDI ikerketa bekaren 15. edizioa deitu du. Beka honek omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez Bidasoarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, orain 21 urte gure artetik joan zena, eta euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi du hainbat esparrutan, Jose Antonio Loidik bere bizitzan zehar landutakoak dira: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Gisa berean, ikerketa zientifikoa zabaldu nahi da euskaraz, Jose Antonio Loidik hainbeste maite eta sustatu zuen hizkuntzaz.

“Euskara arloko programa garrantzitsuenetako bat da, eta gure hizkuntzan ikertzea du helburu. Ibilbide luzea du eta oso eduki interesgarriak dituzten lan ugari sortu ditu”, adierazi du Mónica Martínez Euskara arloko ordezkaria.

Bekaren ezaugarriak

Ikerketa esparruak: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira. Bekaren iraupena: 12 hilabete.
Bekaren diruzenbatekoa: 9.000 euro (gordinak). Ikerketa-lana originala eta argitaratu gabea.

Eskatzaileak/onuradunak

– Norbanakoek edo taldeek eska dezakete beka
– Unibertsitatean graduatuak edo lizentziatuak eta Euskara C1 maila (Hizkuntzen Europako Erreferenzi Marko bateratua) edo baliokidea.
– Aurkezteko epea: 2020ko urriaren 2ra arte (hau barne).
– Oinarriak, informazioa eta eskaera-orri eredua www.irun.org/euskara webgunean.

Harreman eta informaziorako helbideak:
IRUNGO UDALA
Euskara Arloa
JOSE ANTONIO LOIDI ikerketa Beka
San Juan Harria plaza 1
20304 IRUN (Gipuzkoa)
euskara@irun.org
Tel. 943 505 272
www.irun.org/euskara edo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO 2020-64-10, 108 zk.)

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916-Irun, 1999), Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.

Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakinmin ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen.

Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan…).

1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalanierara itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.

Jose Antonio Loidi, euskaltzalea, Irungo Ikastolaren sortze lanetan eta Guda Zibilaren ondorengo lehenengo Euskal Jaien (1966) antolakuntza lanetan ere aurkituko dugu.

1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik.