Josune Gomez (e) eta Xabier Iridoy. / Irungo EAJ

Gaur goizean, Xabier Iridoy, Irungo EAJko bozeramailea, eta Josune Gomez, taldeko zinegotzia, eta orain bi urte Gazteria, Hezkuntza eta Euskarako ordezkaria, Palmera Montero auzora gerturatu dira, Irungo umeek dituzten beharrei erantzun osatuago bat eman ahal izateko haurtxokoek duten garrantzia azpimarratzeko asmoz eta hauen zerbitzua hobetuko duen proposamen bat helarazteko.

Pasaden hilak 25ean Gazteria arloak komunikabideetan jakitera eman zuen bezala, Haurtxokoen eskaerak gorantz egin du azken urteotan. Honen harira, Irungo EAJk hausnarketa egin du, “bat gatoz Gazteria arlotik, Gazteartean zerbitzuko oinarrizko ardatzetako bat hirian zehar ditugun haurtxokoak direla esaten denean, baina azpimarragarria da guretzat aldaketa honen, eskakizunen handiagotzearen jatorria zein izan den gogora ekartzea, eta honi erantzun egokia ematea ere” esan du Iridoyk, eta jarraian Gomezek, “orain lau urte, Gazteria arloak bizi zuen egoerak ez zuen egungoarekin zer ikusirik, aurretiaz izan ziren gobernu sozialistek ez zioten benetan duen garrantzia eman nahi izan, eta ondorioz, hiriko gazteek ez zuten ez eskaintza erakargarririk eta zerbitzuak ezta ia eskaerarik ere ez”, aipatu du. “Gobernuan sartu ginenean, eta Gazteria arloa gure esku izan genuenean, arloak estrategia aldaketa baten beharra zuela argi ikusi genuen. Benetako apustu bat, egungo ume eta gazteak etorkizuna dira eta. Ondorioz, hainbat erabaki hartu behar izan genituen eta metodo aldaketa batean hasi ginen lanean; gutxiengo baldintza aproposak betetzen ez zituen eta kexa asko jasotzen zituen haurtxoko bat itxi behar izan genuen Ventasen, baina berri bat berreraiki genuen Elatzeta Ikastetxeko eraikuntza zaharrean, Elitxuko Haurtxokoa ere berritu eta hornitu genuen, eta azkenik, Palmera Monteroko Haurtxoko berria ere ireki genuen. Haurtxokoek eskaintzen zituzten zerbitzuetan ere sakondu genuen eta hauek eraldatu genituen”.

Eskaera igoera haurtxoko guztietan izan den arren, Palmera Monterokoak eskaera igoera nabariena jasan du. Honen harira, eta egun Haurtxoko honek duen lokalaren ezaugarri eskasak kontuan izanik, egoera honi erantzuna emateko momentu apropos baten aurrean gaudela adierazi du EAJk. “Haurtxokoa kokatuta dagoen udal lokala bitan banatua dago, bata haurtxokoak erabiltzen du noski, eta bestea Kemen taldeak biltegi gisa. Baina orain Uranzu frontoia jada egina dagoela, Kemen dantza taldeak lekua du bertan bere materiala gorde ahal izateko. Horregatik, eskaera igoera kontua izanik, eta baita bertan eskaini daitekeen zerbitzua hobetzearren, udal egoitza osoa Gazteartean zerbitzuaren eskumena izatera zuzentzeko une aproposa dela uste dugu. Hau da, bitan banatutako lokala bakarrean bihurtzea proposatzen dugu, eta Palmera Monteroko Haurtxoko bihurtu. Hala, Irungo haur eta gazteei eskaintza zabalagoa eskaini ahal izateko aukera izango genuke, eta beharrei hobeto erantzungo genieke”.

Bestalde, eta irailean izango den kreditu aldaketa kontuan izanik, momentu aproposa deritzo Irungo EAJk, lokalaren egokitzapena jorratzeko; obra txikiren bat egin beharko balitz egiteko, eta nola ez, zerbitzurako beharrezko izango liratekeen material pedagogikoak ere eskuratzeko. “Ezinbestekoa deritzogu kreditu aldaketa horren bitartez, gure hiriko ume eta gazteei zuzendutako zerbitzuak hobetzea, zerbitzu hau zabaltzen jarraitzea, eta noski, ekimen berritzaileak ere sortzea. Eta horretarako, egungo gobernuak benetako apustua egin beharko luke, eta kreditu aldaketa horretan diru kopuru bat honi zuzendu. Guk gure aldetik hala egingo dugu, Irungo EAJtik honen alde lanean jarraituko dugula argi dugu”, esaten amaitu du bozeramaile jeltzaleak.