Jabier Muguruza eta Juncal Eizaguirre. / Irungo Udala

Ostiral honetan, Geltokiak izarretara ikuskizuna aurkeztu da, Jabier Muguruzaren azken lana, hilaren 25ean Irunen disfrutatu ahalko baita, 19:00etatik aurrera, Amaia Kultur Zentroan. Ikuskizunean, euskal artisten euskarazko klasikoen bertsioak joko ditu musikari irundarrak, Bernardo Atxagaren testuak barne, eta biraren barruan Gipuzkoan egingo duen geldialdi bakarra izango da.

Aurkezpenean, artistaz beraz gain, Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirre izan da. Eizaguirrek azaldu duenez, “maiatzean egitekoa zen kontzertu hau, baina, pandemia zela-eta, gaur arte atzeratu behar izan genuen. Beti bezala, luxua izango da Jabier gurekin izatea; gainera, Gipuzkoan ikuskizun honetaz gozatzeko aukera bakarra izango da hau”.

Geltokiak izarretara iaz argitaratutako disko-liburu bat da, hamabost euskal kantarik adierazgarrienen zerrenda bat. Ikuskizunean, honako hauek izango ditu ondoan Jabier Muguruzak: David Gomez, Mikel Artieda, Jean Marie Ecay eta Mikel Azpiroz musikariak eta Bernardo Atxaga bera.

Ikuskizunerako sarrerak 7,75 euroan eskuratu daitezke, www.irun.org/entradas webgunean eta Luis Marianoko turismo bulegoan, eta, kultur agendaren barruko gainontzeko jardueretan bezala, COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz horrelako emanaldietarako ezarritako segurtasun neurrien barruan, auditoriumeko edukiera murriztuko da, distantzia gordetzeko, eta maskara nahitaez erabili beharko da.

Jabier Muguruza

Jabier Muguruza Irunen jaio zen, 1960an, eta 5 urte zituela hasi zen musika munduan, akordeoia jotzen. 7 urte zituela, Europako Akordeoi Txapelketako haur kategoriako saria irabazi zuen, Tilburgen (Holandan), eta, gero, Frantzian, Italian eta Alemanian irabazi zuen sari bera.

Akordeoiarekin zenbait urtez kontzertista ibili, eta rock munduan eta kantagintzaren munduan hainbat proiektutan laguntzen hasi zen: Zarama, Imanol, Kortatu, Antton Valverde, Xabier Lete, Delirium Tremens… 1989an, bere bide pertsonalari ekin zion, haurrentzako disko baten bidez: Ja, Ja (IZ, 1989). 1990ean, Les Mecaniciens pop taldea sortu zuen, eta, harekin, hiru lan argitaratu zituen: Erabakia (Elkar, 1990), Ia xoragarria (Elkar, 1992) eta Euskadi, jende gutxi (Esan Ozenki, 1993).

Era berean, Joxe Ripiau taldeko kide izan zen, zeinarekin hasieratik desegin zen arte (2000ra arte) aritu zen eta lau disko argitaratu zituen: Positive bomb (Esan Ozenki, 1996), Karpe diem (Esan Ozenki, 1997), Paradisu zinema (Esan Ozenki, 1998) eta Bizitza triste eta ederra (Esan Ozenki, 2000). 1994an, lehen kantautore lana kaleratu zuen.

Jabier Muguruzak Euskal Herriko zirkuitua gainditu du, indartsu gainditu ere, eta, Estatu osoan (bereziki, Katalunian) ez ezik, Frantzian, Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian, Marokon, Erresuma Batuan, Brasilen, Polonian, Italian, Japonian… lan egin du.

Sarritan, prentsa musikal espezializatuak Estatuko urteko diskorik onenen artean sartu ditu Jabierren diskoak; zehazki, Rockdelux aldizkariko kritikarien 1990eko hamarkadako diskorik onenen zerrendan agertzen da Aise.