James Joyce-ren maisu lan bat Itsas Etxean igandean

Dublindarrak asteazkenetik ostiralera Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu ondoren, Hondarribira etorriko da igandean

0
2029

Igandean, Itsas Etxean, Dublindarrak antzezlana izango da euskaraz. James Joyceren maisu lana da, oso gutxitan egokitua antzerkira, nahiz eta literatura unibertsaleko testu onenetariko bat den. Sarrerak 8 eurotan daude (5 eurotan 18 urtetik beherakoentzat) Arma Plazan larunbata arte, https://tickets.kutxabank.es/ES/ helbidean eta igandean bertan Itsas Etxean hasi baino bi ordu lehenago. Bilbon estreinatu ondoren, Hondarribira etorriko da eta otsailean Donostian eta Iruñan ere ikus ahal izango da.

Berez James Joyce-ren 1914ko Dubliners kontakizunen liburuan oinarritutako egokitzapena da, bereziki bere azken ipuinean oinarritutakoa: Hildakoak ipuinean. Egile irlandarrak, XX. mendeko literatura unibertsaleko erreferenteetako bat denak, misterio berezi batez inguratu zuen maisu lan hau, bitxia bada ere agertokietara oso gutxitan eraman izan dena.

Jatorrizko kontaketa Dublinen kokatzen da, 1904. urteko Errege egunean. Adin eta sexu desberdineko maila ertain-altuko pertsonaia batzuk Morkan andereñoek bere egoitzan urtero antolatzen duten afarira iristen dira. Morkan andereñoak musika irakasleak dira eta gau-jaiak kutsu musikazalea dauka. Giroa ezinhobea da. Kanpoan elurra dihardu baina barrukaldean etxe-giro goxoa, janari atsegingarria, ohitura onak, lasaitasuna, anaitasuna eta umore ona harnasten dira.

Itxuraz sinplea den kontakizunak, sakonean, Irlandak garai hartan bizi zuen paralisi moral eta espirituala dauka mintzagai. Metaforikoki hildakoen lurralde bezala erakusten digu herrialdea, non oroitzapenak egunerokotasuna baino biziago dauden eta hildakoek bizidunak menderatuta dauzkaten.

José Antonio Vitoria eta Garbi Losadak egokitu dute eta Garbi Losadak eraman du agertokira. Aktoreak: Naiara Arnedo, Aitor Beltrán, Isidoro Fernández, Lierni Fresnedo, Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal eta Asier Sota.