Javier Esteban Indart kalea. / Irungo Udala

Azken egunetan, behin ibilgailuak desagertuta, Javier Esteban Indart kaleak itxura berria hartu du. Konfinamenduaren ondoren Irungo zenbait kaletan oinezkoentzako eremuak sustatzeko eta urruntzea ahalbidetzeko hartu den neurrietako bat da hori.

Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek ziurtatu duenez, “kasu honetan, neurria arrakastatsua izan da hasiera-hasieratik. Zirkulazioa desbideratzeko alternatiba erraza zen, eta gune seguruagoak izateko eta distantzia handiagoak uzteko lekua aurkitu dute bizilagunek eta ostalariek. Berehala, jarduketa honek jarraipena izan zezakeela ikusi genuen”.

Neurri hau planteatzeko eskaera alarma egoeraren aurretik ere helarazi zitzaion Udalari, eta hark behin-behinean jarri zuen martxan, hilabete hauetarako. Gerora, San Migeleko auzoak neurria behin betikoa izatea nahi zutela jakinarazi zioten Udalari, idatziz.

Javier Esteban Indart kalean Bartolome de Urdinso eta Zubiaurre kaleen artean egindako jarduketari dagokionez, Bide Publikoko ordezkari Jon Ugartek azaldu duenez, “proiektu xume baina erakargarri bat egitea zen asmoa, kaleari itxura polita emateko eta kaleko altzari berezi batzuk jartzeko, galtzadari akabera berezia emateaz gain”.

Horrela, kalea oinezkoentzat bakarrik egokitzeko eta kalearen itxura erabilera horrekin bat etortzeko, hainbat hiri elementu jartzen ari dira, egungo hesiak kenduta ere ibilgailuak ezin sartzeko batetik eta oinezkoak gustura egoteko giroa sortzen laguntzeko bestetik: hainbat tamaina eta formatako hormigoizko lore aska prefabrikatuak, elementu berde eta apaingarriak landatzeko, oinezkoentzat egokituko den zatiaren sarreretarako eta kale osorako, eta, haien ondoan jartzeko, kaleko banku eta aulkiak.

Gainera, egungo seinale horizontalak ezabatuko dira, oinezkoentzat egokituko den galtzada zatia ibilgailuentzat ez den irudia emateko, eta hainbat kolore eta formatako xaflak jarriko dira galtzadaren luzetara, kale osoan.