Kauldi Odriozola (e) eta Gurutz Aginagalde. / CD Bidasoa

C.D. Bidasoak eta Kauldi Odriozola (Zumaia, 1997) jokalariak 2023ko ekainaren 30era arte Bidasoa-Irun taldean jarrai dezan akordioa erdietsi dute. Eskuin hegal gipuzkoarra 2015/2016 denboraldian iritsi zen Irunera, bere jaioterriko Pulpo KEtik. Asobal Ligako hasiberri onena 2016/2017 denboraldian eta Eskuin Hegal Onena azken bi urtetan, Odriozola Espainiako selekzioarekin internazionala da. Zumaiarrak 84 neurketa jokatu ditu Asobal Ligan, eta 336 gol sartu ditu. Aurten, 22 gol egin ditu 5 norgehiagoketan, eta VELUX EHF Champions Leaguen, 17 gol sartu ditu lau partidetan.

“Jarraitzeko gogo asko nituen”

Kauldi Odriozola Bidasoa-Iruneko jokalariak kontratua 2023ra arte luzatzea “nahiko erraza” izan dela aitortu du: “Bi aldeak iritsi nahi genuen puntura iritsi gara. Jarraitzeko gogo asko neuzkan. Irunen oso gustura nago. Azkeneko urtetan klubaren eboluzioa oso handia izan da, eta orain dugun proiektua oso interesgarria da. Oso gustura nago hemen jarraitzeko aukerarekin eta klubaren aldetik, ere bai”. Martxan dagoen denboraldiari dagokionez, Odriozolak “kriston urtea” dela aitortu du: “Ez dugu inoiz ahaztuko esperientzi hau, VELUX EHF Champions League jokatzeko aukera jokatzeko gehienentzat berria da. Beldur pixka bat bagenuen hainbeste partida edukita, maila altukoak, ea nola ibiliko ginen… Oraingoz oso ondo ari gara, bai Asobal Ligan, baita Championsen ere, Barçaren aurka bakarrik galdu dugu. Alde horretatik, oso gustura, azkenean beti esaten dugun bezala, guk gehien disfrutatzen dugun modua irabazten edo behintzat lehiatzen delako”.

Zumaiako jokalaria egun hauetan San Juanen (Argentina) dago Espainiako selekzioarekin batera, Polonia, Errusia eta bertako selekzioaren aurka asteazkenetik gaur arte jokatuko duten lagunarteko txapelketan.