"Erritu" Hondarribian estreinatuko du Kukai Dantza Taldeak. / Hondarribiko Udala

Igandean, 19:30etan, Itsas Etxean, Kukai Dantza Taldearen “Erritu” ikuskizun berriaren estreinaldia egingo da Euskal Herrian. Jon Maia eta Sharon Fridmanen zuzendaritza artistikoarekin, obrak “Ikuskizun berritzaileenari eta originalenari” saria jaso du TAC Valladolideko Kaleko Antzerki eta Arteen Nazioarteko jaialdian.

Epaimahaiak, Kukai Dantzaren azken lanak tradizioa eta erritoa lengoaia garaikide bihurtzeko duen ahalmena nabarmendu du.

Sarrerak 12 eurotan saltzen dira https://tickets.kutxabank.es/ES/ gunean, Arma Plazan larunbaterarte eta igande arratsaldez Itsas Etxean 18 urtetik beherakoentzat, sarrerak 6 euro kostako du.

Bizitzan zehar egindako bidaia

Erritu bizitzan zehar egindako bidaia bat da. Alegia, bizitzako faseak zeharkatzen ditu naturarekin eta komunitatearekin zerikusia duten pasabide-erritu indibidual eta kolektiboen bidez. Fase horiek jaiotzaren eta kaosaren artean dabiltza; tartean, bakardadearen mortutik pasatzen dira, eta elkartzera, maitasunera eta, azkenik, heriotzara iristen.

Errituak zubi dira bi alderen artean: batetik, gure izate indibiduala -iraganak, orainak, gerorako promesek eta aukerek betetzen dutena- eta, bestetik, esperientzia kolektibo erritualizatua -hor da beti erreferentzia gisa, baina etengabe ari da higitzen eta aldatzen-, eta bi aldeon arteko loturen zentzua aurkitzen saiatzeko balio digute. Espiritualtasuna, samurtasuna eta norberaren erabakimena batera doaz bidaia horretan, zeina, azkenean, kolektiboa baita, baina pertsona kontzienteenen ibilbideen eraginpean.

Kukai Dantzak hainbat sari eskuratu ditu bere ibilbidean zehar. Dantza ikuskizun Onenari Max Saria 2017. urtean, Dantza talde onenari MAX Saria 2015 eta 2017 urteetan, Leioako Umore Azokako Ohorezko Saria 2016. urtean, Dantza ikuskizun Onena Huescako Dantza eta Antzerki jaialdian 2014 eta 2016 urteetan, Aipamen Berezia Valladolideko Nazioarteko Kaleko Arteen Jaialdian, Donostia Antzerki Saria 2003…