Kultura zinegotzia den Juncal Eizaguirre. / Irungo Udala

Kultura arloak argitara eman ditu artistentzako 2019ko laguntzen deialdiko irabazleak. Aukeratutako proiektuak Miriam Isasirena, Jorge Islarena eta Artitadetó Artisten Elkartearenak izan dira.

Kultura ordezkaria den Juncal Eizaguirrek zera azpimarratu du: “programa berezia da eta horren bitartez sormen artistikoa bultzatu eta lagundu nahi dugu Bidasoa eskualdean, mugaz gaindiko parte hartzean interes berezia jarriz. Ekimen eta ideia artistiko desberdinak eta bizi gareneko muga inguruari lotuta dituzten haientzat zabalik dagoen ate bat da”.

Deialdiko gaia mugimendu migratzaileei buruzkoa da haren dimentsio sozial, aniztasun eta elkartruke kultural eta linguistikoan oinarrituta. Era berean, Irunek mugaz gaindiko hiri, historikoki pertsonak hartu eta artatzen dituen hiri eta igarobide gisa daukan identifikazioarekin ere lotu daiteke.

Laguntzen amaierako emaitza edozein esparru edo diziplina artistikoko proposamenetara zabalik egongo da: arte plastikoak, musika, literatura, arte digitala, performanzea, diseinu eta arte grafikoak, argazkia, ikus-entzunezkoak, dantza, antzerkia… izaera efimeroa eta iraunkorra duten obrak; Irunen aurkeztu beharko da, bai udalaren ekipamendu kulturaletan eta/edo toki publiko batean. Horrela beraz, hiru laguntza emango dira, bakoitza 6.800 eurokoa. Ondoren, proiektu irabazle bakoitza:

Miriam Isasi

“Hiria, esku hartzeko espazio gisa. Gogoetarako tokiak” izenburupean Miriam Isasiren proiektuak eserleku publikoekin esku hartze efimero bat egitea planteatzen du. Artistak eserleku horiek “lo egiteko toki” gisa ulertzen ditu “kalean bizi diren kolektiboentzat”. Zentzu horretan, eskultura sinboliko bat sortzea du helburu, “pertsona horiek duten egoeraren hauskortasuna eta potentzialtasuna” islatuko duena.

Esku hartzea zera da, beira puztuaren burbuila batzuk erreproduzitu, eserlekuen ertzetan ajustatuz, “formalki burkoak eta sinbolikoki ametsak irudikatuko dizkigutenak”. Gainera, haren proiektuak sentsibilizazio publikorako ekintza batzuk ere jasotzen ditu eta hitzaldi, tailer eta performanze formatuaren bidez parte hartzeko prozesu bat ere bai.

Jorge Isla

“Gau lana” proiektua ikus-entzunezko pieza baten bitartez bideratuko da. Bertan elkartuko dira zine esperimentala eta dokumentala, 1940 hamarkadan Bidasoarekin zuzenean lotutako kontrabandoaren praktika esploratzeko helburuarekin, eta nolabait, “kontrabandistaren bidea eta haren historia biziberritzeko ikuspegi plastikotik”.

Haren sentsibilizazio eta parte hartze proiektuak testigantzak jasotzea eta argazki-tailer batzuk jasotzen ditu.

Artitadetó Artisten Elkartea

Deialdi honetan onuradun izan den hirugarren proiektua “Kontrabandistak-KBK” mugaz gaindiko argitalpena izango da, non proposatzen den “arte bisual eta kultura garaikideari buruzko errelato bat, mugaz gaindiko ikuspegitik”. Zehazki, mugako egungo arazoari buruz, mugimendu migratzaileei eta inguruan daukan eraginari buruz hausnartuko du. Argitalpenak, eskuz autoeditatua izango denak, sekzio eta eduki desberdinak izango ditu, euskara, gaztelera eta frantsesa konbinatuz idatziko da eta artista eta agente gonbidatuen kolaborazioa izango du.

Sentsibilizazio publiko eta parte hartzeko proiektuak esku hartze, ekintza eta performanze batzuk planteatzen ditu eta horien bitartez publikoak proiektuan parte hartuko du.

Artea, muga eta memoria

Artistentzako laguntzak Kultura eta Kirolak Arloaren lan-ildoan txertatzen dira, sormen artistikoarekin modu zuzenagoan lotuta, eta Irun Factory programaren bitartez bideratzen dira. Programa horren ardatz tematikoak arte garaikidea, muga eta memoria historikoa dira. Bereziki toki publikoan garatzen diren ekimenak dira, praktika artistikoak ikusgarri egitea helburu dutenak eta hasi berria den talentuari arreta berezia eskainiz. Gainera, programazioaren espazio tradizionaletik (zineak, antzokiak, auditorioak, museoak,…) harago doazen ekintzen aldeko apustua egiten da eta esku hartzeak deszentralizatu nahi dira. EFA027/15 Ibilbide Paregabeak proiektuaren esparruan ematen dira artistentzako laguntza horiek, %65ean Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (FEDER) kofinantzatuta, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Aurrekariak

Artisten egoitzen programa 2017an sortu zen Irungo Udala eta Kultura Arlotik, sormen eta produkzio artistikoa bultzatu eta laguntzeko proiektuen esparru iraunkor bat sortzeko.

Programa horretako lehenengo proposamena Oiasso Erromatar Museoan egin zen eta “Monumentu (in)materiala” izenburupean, erakusketa bat egin zen Gerra Zibileko erresistentzia-taldeen oroimenari buruz, Irundik hurbil dauden gatazka-tokietan metraila-hondarrak bilatuz. Sortze-prozesua herritarrei ezagutarazteko tailer batekin osatu zen egonaldia.

Ildo horretan bertan, 2018ko azaroan, Gabriel Vallecillo artista hondurarrak videomapping proiektatu bat egin zuen Behobiako Guardia Zerbitzuaren fatxadan. Proiektua, erakinarekin zuzeneko interakzioa izanik, gogoeta bat izan zen muga kontzeptuaren eta haren esanahi eta konnotazio ugariren inguruan. Artistak abiapuntu gisa eraikinaren memoria hartu zuen elkarrizketatu eta eraldatzeko, eta protagonista eta toki bihurtu zuen hortik abiatuz muga, zubia eta Bidasoa ibaia begiratzeko.

Iazko deialdian Ivan Gomezek eta Anartz Ormazak “Faisaien irla eta izur gorria” proiektua egin zuen. Esku hartze efimero hori Bidasoa ibai gainetik eta Faisaien irlan egin zen, alegia, ibaiaren bi ertzak alfonbra gorri bat zabalduta lotu ziren eta era horretan irlak inplikatzen duen ondare kulturala balioan jarri zen, elkarketaren bidez. Prozesu horretan, gainera, Pio Baroja institutuko Batxilergoko ikasle batzuek ere parte hartu zuten.