Miren Echeveste eta Miren Tolosa. / Irungo Udala

Irungo Udal Euskaltegiak aldian behin antolatzen du LANNAHI programa. Horren bidez, doako euskara eskolak ematen zaizkie langabeei. Astearte honetan ekimenaren balantzea egin dute Miren Echeveste Euskarako ordezkariak eta Miren Tolosa Euskaltegiko zuzendariak, programaren hirugarren txanda hastearekin batera.

“Gure hirian urteak daramatzagu programa hau eskaintzen euskara hutsetik abiatuta ikasten hasi edo beren maila hobetu nahi dutenei, eta oso pozik gaude ekimenaren garapenarekin. Kasu honetan, gainera, lanik gabe daudenei zuzendutako eskola batzuez ari gara. Aukera ederra da tituluren bat eskuratzeko, eta hori beti da lagungarria lan-merkatuan aukera gehiago izateko”, nabarmendu du Miren Echevestek.

Datuei erreparatuta, ikusten da iazko irailetik izen-emateek % 45 egin dutela gora. Igoerarik handienak B2 eta C1 mailako ikastaroetan izan dira. Horrek agerian uzten du ikasleen helburu nagusietako bat euskara tituluak lortzea dela, hizkuntza maila hori dutela egiaztatzeko.

Zehazki, 2020ko irailean 79 lagunek eman zuten izena LANNAHIn, abenduan 92 ikasle izan genituen eta, berrikiago, 115. Era berean, Irungo Udalak jakinarazi du aurki beste bi irakasle kontratatuko dituela programaren hurrengo txandetarako.

Ikastaroaren deskribapena

Ikastaroetan, printzipioz, aurrez aurreko eskolak eta urruneko lana uztartzen dira. Beharrezko prebentzio-neurriak hartzen dira ikasle eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta, matrikulatutako ikasleen arabera, beharrezko egokitzapenak egiten dira.

Udalak programa honen 5 txanda eskainiko ditu 2020-2021 ikasturtean: 3 eskola-urtean zehar eta beste 2 udan. Eskola-urtean izena ematen dutenek lau orduz ikasiko dute euskara egunean, goizeko txandan badaude, eta hiru orduz, aldiz, arratsaldeko txandakoak badira. Udan lau ordu emango dira egunean, goizez. Datozen matrikulazio-aldia maiatzaren 31n hasiko da, udako ikastaroetan izena emateko.

Programan parte hartzeko baldintza hauek bete behar dira: LANBIDEn izena eta alta emanda egotea eta langabezian egotea edo lanean egotea % 50eko edo hortik beherako lanaldian.