LANNAHI programaren hirugarren txanda

Programan izena eman nahi dutenek horretarako aukera dute martxoaren 14tik 24ra

0
483

Irungo Udal Euskaltegiak abian jarriko du LANNAHI programaren hirugarren txanda. Langabezia egoeran dauden pertsonei begirakoa da programa eta haren bitartez euskara debalde ikasteko aukera ematen zaie. Hirugarren txandako ikastaroa apirilaren 25ean hasi eta ekainaren 23an bukatuko da.

Ikastaroa aurrez aurre eta urrutiko jarduna uztartuz eskainiko da. Ikasle eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuko dira.

Udalak programa honen bost txanda eskainiko ditu 2021-2022 ikasturtean: 3 ikasturtean zehar eta 2 udan. Ikasturtean zehar goizeko txandetan izena ematen dutenek lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz, 3 orduz. Udan, ordea, lau ordu arituko dira goizez.

LANNAHI programan izena eman nahi dutenek izen-ematea internetez egin beharko dute 3. txandarako, martxoaren 14tik 24rako epean, SAC24h zerbitzuaren bitartez IRUN TXARTELA edo beste ziurtagiri digital batzuk erabiliz (NA elektronikoa, IZENPE txartela..), eta hori ezinezkoa bazaie, HAZeko autozerbitzu terminaletan egin ahalko dute matrikula.

Eskaria internetez egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943 505273 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Ikastaroa doakoa izateko baldintza hauek bete behar dira:

– LANBIDEn lan eskatzaile bezala inskribatua egotea.

– Langabezian egotea, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren % 50 ez gainditzea.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten ikasleek matrikula ordaindu beharko dute. Hala ere, ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dute.