Igor Enparan, Lupe Queiruga eta Estitxu Urtizberea. / Abotsanitz

Abotsanitz Udal Taldeak Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntzen inguruan Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak hartutako erabakiari erantzun dio azken ordu hauetan. “Prentsa ohar baten bidez jakin dugu udal gobernuak aurten GKEen laguntzen deialdia ez egitea erabaki duela. Horren ordez, datorren udaberrian bi urteetako gastuak aintzat hartuko dituen deialdia egingo duela adierazi du Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak”, diote Abotsanitz Udal Taldetik.

“Alde bakarreko erabaki hau ez da beste udal taldeekin partekatu, ezta deialdira aurkezten diren elkarte eta erakundeekin ere, ez da batzorde batetik pasa, ez plenotik, inondik ere ez. EAJren udal gobernuaren gardentasun ezaren beste adibide bat baino ez da”.

Abotsanitzek gogorarazi duenez, “aurtengo martxoan onartutako 2020-2023 urteetarako Diru-Laguntzen Plan Estrategikoaren kontra doa. Bertan adierazten da elkartasunezko diru-laguntzen deialdia ekaina baino lehen egin behar dela, eta abendua iritsi da eta ez da deialdirik egin, eta udal gobernuak erabaki du 2020an ez dela egingo. Beraz, udal akordioa urratzen du hartutako erabakiak”.

“Ez dugu ulertzen zer dela-eta errepikatu den 2018an eta 2019an gertatutakoa. Ez dugu ulertzen nola udal taldeok ez dugun honen inguruko inolako informaziorik jaso, ezta GKEek ere. Larrarte andereak azalpenak eman beharko lituzke. Birusak min handia eragin du, baina arazo hau 2018tik dator. Mila aldiz eskaini dugu laguntza, eta udal gobernuak inoiz ez du gure laguntza onartu”.