Bilera larunbatean egingo da Palmera Montero gunean. / Hartu Hitza Elkartea

Otsailaren 17an Hartu Hitza Elkarteak prestatutako prozesua publiko egin eta dena martxan jarri zuenetik abiadura bizian gertatzen ari da dena. Horren seinale sinadura bilketa izan da, behar ziren 3000 sinadurak lortu eta momentu honetan 800 sinadura gehiago lortu dituzte. Hartu Hitzatik prozesu honetan parte hartu eta babesa eskeini duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiete egindako esfortzuarengatik.

Hala ere, elkarteak bere bidea jarraitzen ari da eta Irungo herri galdeketako galdera adosteko prozesuan murgilduta dago. Sareetan bideoa publikatu ondoren eta adosguneko lehen bileraren ostean, larunbat honetan adosguneko bigarren bilera ospatuko da eta bertan 2018ko azaroaren 18an ospatuko den galdeketaren galdera adostuko da. Prozesu guztia Irungo herritarrek antolatuta izan da, herritik herriarentzat sortutako iniziatiba, eta horregatik Irungo bizilagun guztiak gonbidatzen dituzte larunbatean adostuko den galderak ahalik eta onespen handiena izan dezan. Guztiok dugu zer esateko eta eztabaida ahalik eta parte hartzaileena zein irekiena izateko, guztion ahotsak batu behar dituzte.

Zita larunbat honetan izango da, 10:15etan Palmera Montero gunean eta Irungo herriak sinadura bilketako deialdietan emandako erantzun bera izatea espero dute antolatzaileek. Hartu Hitzak otsailetik mamitzen ari den iniziatibak gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea eta demokrazia parte hartzaile bat aldarrikatzea du helburu, eta bi zentzu hauetan Irungo herriak zer esan asko du oraindik.

Larunbateko bileraren ondoren Euskal Herriko 203 herrik prozesu parte hartzaile batetik bakoitzaren herri kontsultako galdera adostua izango dute. Irunen kasuan, Gure Esku Dagoren herri galdeketen olatura 2018ko azaroaren 18an batuko da Donostirekin batera.