San Pedro kalean ospatuko da azoka. / Hondarribiko Udala

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak apirilaren 14an emandako aginduari jarraituz, bueltan da Hondarribiko asteazkenetako eta larunbatetako azoka.

“Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik orain baimendu egin dira astero egiten diren azokak, ez aldiz jai edota izaera sozio-rekreatiboak dituzten nekazal produktuen eta animalien azokak”, esan du Kalixa Silanes, Ingurumen zinegotziak.

“Hala, ezinbestekoak diren segurtasun neurriak hartuko dira eta postu batetik bestera sei metroko distantzia egongo da. Bezeroek ere neurriak hartu beharko dituzte, eta gomendatzen dugu eskularru eta maskara bat eramatea denok araudia jarrai dezagun”, dio Silanesek.

“Orain artean bezala, Udaletik bertako produktua sustatu eta indartzeko lanetan jarraituko dela argi utzi nahi dut”, amaitu du Silanesek.