Monica Martinez (e), Jose Antonio Santano eta Iñaki Agirresarobe. / Irungo Udala

Aste honetan Irungo Udalak eta Bagabiga enpresak jakitera eman dutenez, bien arteko elkarlanak eman du bere fruitu preziatua: Laukiz lauki Irunen barrena euskara hutsean argitaratu den denbora-pasa aldizkaria. Euskarazko aldizkariak eskaintzen dituen denbora-pasa jokoak hauek dira: hitz gezidunak edo autodefinituak, hitz gurutzatuak edo gurutzegramak, hizki saldak, anagramak, goitibeherak, eta mailaz mailakoak.

Berrikuntza eta berezitasun nagusiak edukian daude; izan ere, Irungo atzoko eta gaurko gizon eta emakume artistak (margolariak, musikariak, zinemagileak, bertsolariak…), kirolariak, auzoak, muga herriak, eraikinak, monumentuak, kale izenak, baserriak, ingurunea eta beste asko jasotzen dira.

Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Monica Martinez Euskara ordezkaria eta Iñaki Agirresarobe egilearen esanetan, “oso pozgarria da horrelako euskara hutsezko argitalpen bat edukitzea, Irungo aintzinako eta egungo ondarea jasotzen duena. Irunek eman dituen pertsonaia ospetsu guztiak jasotzea oso zaila da, baina kontuan hartu dira etorkizunerako”.

Liburuxkak 1.000 aleko tirada du, eta 32 orrialde ditu. Doan emango zaizkie eskatzaileei, ale bana laguneko, agortu arte. Beraz, martxoaren 14tik aurrera hitz-jokozale irundar euskaldunek eskura izango dituzte Irungo Udal Euskaltegian (Urdanibia plaza 5, astelehena, asteazkena eta ostirala 09:30-14:00 eta asteartea eta osteguna 10:30-13:30 eta 16:30-19:00) eta Euskara Arloan (Foru kalea, 2-4. astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:00etara).

Irungo hurrengo ikastetxeetan banatuko da: Pio Baroja, Bidasoa, Plaiaundi, Mendibil, Irungo La Salle eta Erain; Kunshtal eta Mondragon Unibertsitatea; Herri Jakintza, AEK eta Udal Euskaltegiko ikas taldeei, eta Hizkuntza Eskola Ofizialean.