Txomin Sagarzazu alkateak eman du prentsaurrekoa. / Hondarribiko Udala

Udal gobernu taldeak, Txomin Sagarzazu alkatea buru, 2015-2019 legealdiko hirugarren urtea bete den honetan, orain arteko ibilbidearen balantzea egin du, baita datorren urterako aurreikusita dituen lanen zerrenda aurkeztu ere. Balorazio baikorra egin dute, beti ere hobetu daitekeena, beti ere legealdi honetarako prestatu zen Agintaldi Plana haintzat hartuta.

“Agintaldiaren hirugarren urtea amaituta balorazio bat egiteko ordua egokia iruditzen zaigu”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak. “Gure kudeaketaren emaitza nagusien artean bost aipatu nahiko nituzke: Zuloaga Etxearen irekiera eskaintzen duen oinarrizko zerbitzu eta suposatu duen hobekuntzagatik, atzo bertan onartutako Biteri kalean 118 etxebizitza publiko eta 230 autoentzako lurpeko aparkalekua egiteko hitzarmena, eta hirugarrenik urteetan egin gabe egon den Higer Itsasargirako bidean Lurgorriko erlaitzaren egonkortzea dago”.

“Egindako bost proiektu hauek amaitzeko, aipatu nahiko nuke ere Santiago kaleko bigarren zatian egindako eraberritzea, baita Amuteko biribilgunean egindako hobekuntza nabaria ere. Orain artean ditugun emaitzak egokiak dira”, esan du Sagarzazuk.

Jarraian, beste bost proiektu interesgarri aipatu ditu Sagarzazu alkateak. “Lehena amaitu berria den Hondarribia Blues Jaialdiaren aldeko apustua, bestea denon arteko adostasunarekin onartu den 2018-2022 urteetarako Euskara Plana. Hortaz gain, Irunekin batera lanean ari garen gaueko harrera zerbitzua eta bazterkeriari aurre egiteko eguneko zerbitzua lan garrantzitsuak dira ere. Udal web orria berritu dugula eta Ordenantza Zibikoa onartzear gaudela ere hor daude”.

Aurrera begira proiektu asko

Legealdi honetan geratzen den urterako, aipatzeko modukoak diren hainbat proiektu zerrendatu ditu alkateak. “Iturri Berriko biribilgunea, Harategi eta Satarka kaleko berriritartzea, Kasino Zaharreko inguruaren eta Saindua Gaztelekuaren hobetzea, udaletxeko BAZ eta Hirigintza zerbitzuen egokitzea, Aldundiak egingo duen Jaitzubia eta Amute elkartuko dituen bidegorria, Turismo Plan Zuzentzailea, Kirolaren Plan Estrategikoa, udalaren funtzionamendua hobetzeko sistema, aurrekontuetan hiritarren partehartzea ahalbidetzea… galtza bete lan badugu, baina gogoak eta indarrak ez dira faltako. Udal taldean daukagun kohesio-maila bikaina dela esango nuke, horrek asko laguntzen du eguneroko lanean”.

Hobetzeko modukoen artean, Sagarzazuk argi esan du Mugikortasunaren alorrean “beste bultzaldi bat eman behar diogula, ez dira lan errezak izaten baina udal taldean argi dugu arlo honetan hobetu beharrean gaudela. Udal langileen egoeran hobetu beharrean gaude ere. Kontratazioak egin dira baina gehiago egingo dira ere datozen hileotan”.

Amaitzeko, Sagarzazuk gogoratu du “udalaren egoera ekonomikoa egokia dela, eta laugarren urtez tasa eta zergak ez direla igo. Horrek, egindako proiektuak aurrera eramatea eta markatu ditugun helburuak lortzen lagunduko digu”.