Monica Martinez (e) eta Arantza Zulet. / Irungo Udala

Otsailean Euskararen hilabetea dela eta, Euskara arloak Irungo ikasleei zuzendutako hainbat ekintza antolatu ditu. Gaur goizean Monica Martinez Euskera ordezkariak eta Arantza Zulet arduradun teknikoak prentsaurreko batean komentatu dituzte Irungo Udaletik antolatutako ekimen garrantzitsuenak.

“Programa honekin haurren eta gazteen motibazioan eragin nahi da, euskararen aldeko jarrera positiboa sustatuz. Kasu honetan, antzerkia izango da kanala, formatu hori oso irisgarria baita publiko ororentzat. Ikuskizun andana adin tarte bakoitzari egokitua da eta 7.000 gazteri baino gehiagori iritsiko zaio” azpimarratu du Monica Martinezek.

Euskararen hilabetea, Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barne dagoen programa da. Irungo ikastetxe eta institutuetako ikasleei, Haur Hezkuntzatik hasita DBHko 4. mailara arte, hau da, 3 urtetik 16 urte bitartekoei zuzendutako aktibitateak jasotzen dira bertan, aurten, adibidez 7.330 ikasleri zuzenduko zaizkie ekintza hauek. Aurten ekintzak,otsailaren 6an hasi eta otsailaren 28an bukatuko dira eta “Euskararen, gure leihoa” leloa izango dute.

Otsailaren 6an eta 7an, Producciones Maestras konpainiaren “Martinaren parke fantastikoa” antzerkia eskainiko zaie Haur Hezkuntzako ikasleei. 50 minutuko antzezlana, Amaia Kultur Zentroan eskainiko dena. Antzezlan honetan Martinak erakutsiko digu nola parkea bere unibertso bihurtu duen. Hori dela eta, hamaika abentura biziko ditu, beldurrei aurre egingo die, abestuko du edota amets, barre edo negar egingo du.

Otsailaren 13an eta 14an, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleen txanda izango da. Teatro Paraisoren eskutik Tolstoiren “Gizon zoriontsuaren alkandora” ipuinean oinarritutako antzezlana ikusiko dute. Antzerki konpainia honek gizadiaren abentura handienetako batean parte hartzera gonbidatuko ditu ikusleak, hau da, zoriontasuna bilatzera. Nor da munduko emakume edo gizonik zoriontsuena?

Otsailaren 27an eta 28an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen txanda izango da. “Jauzi hirukoitza” antzezlana ikusiko dute, Pikor Teatrok eskainita. Ustekabeko tren istripu batean neska bat hiltzen da eta horrek komunitate osoaren bizitza hankaz gora jarriko du. Horretaz gain, ikuspegia zabaldu eta gazteek bizitzan bat-batean jasan ditzaketen beste galera batzuekin osatuko da istorioa: lehen porrotak maitasunean, norbere jatorrizko hiri edo herrialdetik atera beharra, nerabezaroko aldaketa fisiko eta emozionalak… galera esanguratsuak, benetako dolu-prozesu batetik igaroko balira bezala gainditu beharko dituztenak.

Horretaz gain, ikasleen sormena erakusteko, aurten ere Iruneroren bi ale berezi argitaratuko dira, bata HH, LH1, LH2, LH3 eta LH4ko ikasleen lanak jasoko dituena, eta bestea LH5, LH6 eta DBHko ikasleen lanekin. Ikastetxe eta institutuetan banatuko dira, eta Euskara arloaren webgunean ere izango dira.