Maialen Oiartzun (e), Unai Oiartzun, Monica Martinez eta Iban Eguzkitza. / Irungo Udala

Euskarako ordezkariak, Monica Martinezek, Jose Antonio Loidi euskarazko bekaren 14. edizioko lan irabazlea aurkeztu du. Berarekin batera izan dira gainera Unai eta Maialen Oiartzun bekaren irabazleak. “Ekimen honekiko gure konpromisoa berritu nahi dugu, José Antonio Loidi gogoratuz euskarazko eta hainbat alorretako ikerketa sustatzeko bide ematen baitigu”, adierazi du Mónica Martínezek.

1999an sortutako beka honek adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat omenaldi bat izan nahi du. Orain hamasei bat urte joan zen ikerlari eta idazlea. Beka honen bitartez, hainbat esparrutan euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi da; antropologian, filologian, toponimian, literaturan, osasun publikoan, hidrologian eta botanikan.

Urte hauetan beka deialdi honetara aurkeztu diren lanak mota askotakoak izan dira. Beka deialdia bi urtetik behin egiten da, eta 2018ko edizioan, 5 proiektu izan ziren jaso zirenak. Behin lanak jaso ondoren, hauek aztertu eta beka zein lani eman behar zitzaion adostu zen. Epaimahaia bost lagunek osatu zuten:

– Monica Martinez Notaria andrea (Euskara ordezkaria)
– Jose Luis Loidi Fernandez de Troconiz jauna (Jose Antonio Loidi Bizkarrondo jaunaren familiaren izenean)
– Jose Monje Garcia (Luis de Uranzu Kultur Taldeko ordezkaria)
– Jorge Gimenez Bech jauna (Euskara ordezkariaren ebazpenez izendatutako aditua, prestigio eta esperientziaduna)
– Iban Eguzkitza Luna jauna (Euskara arloko zuzendaria)

Hala, epaimahaiak beka Unai eta Maialen Oiartzun Irastorzari ematea erabaki zuen, “Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian” proiektua garatu ahal izateko. Hortaz, proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira, eta bekaren iraupena 12 hilabetekoa izango da. Euskara arloak ikertzaileei eskainiko dien zenbatekoa, berriz, 9.000 eurokoa izango da. “Zorionak Unai eta Maialen Oiartzun Irastorzari 2018ko edizioko Beka lortzeagatik. Gogo handiz itxarongo dugu ikerketaren emaitza”, esan du Monica Martinez ordezkariak.

Jose Antonio Loidi

Errenterian jaio zen 1916an Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.

Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakin-min ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen.

Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan…).

1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalunierara itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.

1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik.